Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Txertatutakoek ez dute koarentenarik egin beharko kontaktu estuak badira

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Horrez gain, hardunen eta edoskitzaroan dauden emakumeen txertaketa abiatzea onartu dute Osasun Ministerioak eta erkidegoek.  

  • Konfinatutako ume bat leihotik begira.

    Konfinatutako ume bat leihotik begira. Artxiboko argazkia: EFE

Txertoaren pauta osoa hartu duten herritarrek ez dute koarentenarik egin beharko, covid-19aren proban positibo eman duen pertsona batekin harremana izan badute ere. Hala adostu dute Espainiako Osasun Ministerioak eta autonomia erkidegoek astearte arratsaldean egin duten bileran.  

Koronabirusaren kontrolerako eta prebentziorako estrategia eguneratzea erabaki du Osasun Publikorako Batzordeak.

Aurrerantzean, positibo batekin harremana izan duten herritarrek ez dira etxean isolatu beharko, txertoaren pauta osoa eman baldin bazaie. Alabaina, PCR proba bat egin beharko dute kontaktu estua izan direla baieztatu ondoren eta beste bat zazpi egun geroago.

Edonola ere, arriskuan egon daitezkeen edo txertatu gabe dauden lagunekin harremanik ez izatea aholkatuko diete, eta harreman sozialetan musukoa erabiltzea eta jendetza batzen den tokiak saihestea.  

Bestalde, txertaketarako estrategia ere eguneratu dute. Hala, hardunen eta edoskitzaroan dauden emakumeen txertaketa abiatzea onartu dute Osasun Ministerioak eta erkidegoek. Pfizerren eta Modernaren dosiak erabiliko dituzte pertsona horiek immunizatzeko.