Gizartea
Edukiera mugatua
Egunean 960 lagunek bisitatu ahal izango dute Gaztelugatxe uztailaren 1etik aurrera
N. B. | EITB MEDIA
Bizkaiko Foru Aldundiak sarrerak erreserbatzeko plataforma martxan jarri du berriro, baina oraingoz ezingo da uhartetxora sartu.
-
Gaztelugatxe. Argazkia: Tamara Garcia Mosquera.
Uztailaren 1etik aurrera, egunean 960 lagunek bisitatu ahal izango dute Gaztelugatxe, Urizarreta eta Ermu arteko noranzko zirkular bakarreko ibilbidean. Bizkaiko Foru Aldundiak sarrerak erreserbatzeko plataforma martxan jarri du berriro astelehen honetan, biotopo babestuaren zati bat bisitatzeko. Biotopoa mugatuta dago, eta oraindik ez dago uhartetxora sartzerik.
Teknikarien aurreikuspenen arabera, eta oraindik inguru horretan obrak egiteke daudenez, uztailaren amaieran Ermu-Lurgorri tartea berriro ireki ahal izango dute, eta udazkenaren hasieran uhartetxoa eta ermita berriro bisitatu ahal izango dira.
Urtarrilaren 7an, Aldundiak Gaztelugatxeko sarbidea itxi zuen lur-jausi baten ondorioz. 20 metroko lurrezko mihi batek bidea itxi zuen, eta erorketaren goiko aldean 50 metro inguruko pitzadura sakon bat antzeman zuten. Ondorioz, mendi-hegala egonkortzeko lanak hasi zituzten.
Urtarrileko lur-jausiaren inguruan egindako azterketaren arabera, mendi-hegalaren izaera bera eta aurreko hilabete eta asteetan izandako prezipitazio handiak izan ziren lur-jausiaren arrazoiak.
Hilabete hauetan, ingurua sakon aztertu dute, erorketa gehiago saihesteko eta kokagunea bisitatzera doazen pertsonen segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren neurriak ezartzeko.
Biotopoa sektoretan banatu zuten, eremu bakoitzak duen ezegonkortasun-mailaren arabera, publikoarentzako irekiera progresiboa egin ahal izateko.
Bizkaiko Foru Aldundiak milioi erdi euro inbertituko ditu egonkortze lan horietan, besteak beste, hesiak jartzeko, hainbat eremu hesitzeko eta higadura guneak babesteko.
Neurri zuzentzaile horiekin batera, Gaztelugatxeko mendi-hegal osoaren egonkortasunaren azterketa jarraitua egitea erabaki du Foru Aldundiak, lur-mugimendu berririk gertatzen den erabakitzeko sentsoreak jarriz.
Halaber, Matxitxakoko estazio meteorologikoko prezipitazio-erregistroak kontsultatuko dituzte, etorkizunean beharrezko segurtasun-neurriak hartu ahal izateko, beharrezkoa izanez gero.