Gizartea
KORONABIRUSA
Ipar Euskal Herriko diskotekak uztailaren 9an irekiko dituzte, maskara beharrik gabe
N. B. | EITB Media
Edukiera % 75ekoa izango da barnealdean eta % 100ekoa kanpoan, eta proba negatibo bat edo txertaketa-ziurtagiri bat aurkezteko baldintzarekin zabalduko dituzte.
-
Diskoteka bat hutsik.
Frantziako Gobernuak astelehen honetan iragarri duenez, diskotekak ia hiru aste barru irekiko dituzte berriro, uztailaren 9an, maskararik gabe, % 75eko edukierarekin barnealdeetan eta % 100eko edukierarekin kanpoaldean, baina proba negatibo bat edo txertaketa-ziurtagiri bat aurkezteko baldintzarekin.
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak bilera egin du astelehen honetan Eliseo Jauregian, gaueko aisialdiaren sektoreko ordezkariekin, 15 hilabeteko itxieraren ostean lokalak berriro irekitzea eskatzen baitzuten.
Frantziako 1.600 diskoteketatik 152 behin betiko itxi zituzten 2021eko martxoaren amaieran, finantza arazoak zirela eta, eta % 25ek osasun protokoloa betetzeko arazoak dituzte, batez ere aireztapen sistemagatik, sindikatuen arabera.
Gainera, kontzertuak ekainaren 30ean itzuliko dira Frantziara. Kasu horretan ere edukiera % 75ekoa izango da barnealdean eta % 100ekoa kanpoan.
Ikusleak 1.000 baino gehiago badira, txertaketa osoa egiaztatzen duen osasun-ziurtagiria (dosi bat edo bi, gaixotasuna igaro den ala ez kontuan hartuta) edo test negatiboa eskatuko da, baina jada ez da derrigorrezkoa izango maskara erabiltzea.