Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Positiboek 100etik behera egin dute uztailetik lehen aldiz Euskadin

Naiara Ballesteros | EITB MEDIA

98 kasu berri atzeman dituzte EAEn. Intzidentzia-tasa metatuak behera egiten jarraitzen du, 110 kasura hurbiltzen ari baita. Hala ere, R0 indizea 0,86ra igo da, eta 50 pertsona daude ZIUetan.

  • PCR probak Durangon

    PCR probak Durangon. Artxiboko argazkia: EFE.

Positiboek 100etik behera egin dute uztailetik lehen aldiz Euskadin. Izan ere, 98 kasu berri atzeman dituzte EAEn, bezperan baino 63 gutxiago, eta bost hamarren jaitsi da positiboen tasa (% 2,4). Intzidentzia-tasa metatuak behera egiten jarraitzen du, 110 kasura hurbiltzen ari baita. Hala ere, R0 indizea 0,86ra igo da, eta 50 pertsona daude ZIUetan.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren datuen arabera, 100.000 biztanleko intzidentzia-tasa metatuak behera egin du berriro, igande honetan 114,29koa baitzen; hau da, larunbatean baino lau puntu gutxiago (118,06). Gipuzkoak du intzidentzia-tasarik baxuena (86,61 kasu), eta atzetik ditu Araba (109,93) eta Bizkaia (125,63).

Bestalde, ez dago 400 kasutik gorako intzidentzia metatua duen 5.000 biztanletik gorako herririk, Zalla (Bizkaia) eremu gorritik atera ondoren.

Birusaren oinarrizko erreprodukzio tasa 0,86ra igo da (0,84koa zen aurreko egunean), ekainaren 6tik izan den kopururik altuena.

R0 indizeak nabarmen egin du gora Bizkaian, 1etik hurbil (0,96) baitago; Gipuzkoan 0,66raino egin du behera; eta Araban, berriz, 0,82ra jaitsi da.

Intzidentzia-tasen arrazoia (egungo 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasa duela astebetekoarekin alderatzen duena) 0,73koa da (aurreko eguneko bera).

Datuak lurraldez lurralde aztertuta, Bizkaiak 70 positibo berri atzeman ditu (larunbatean baino 32 gutxiago), Gipuzkoak 14 (aurreko egunean baino 17 gutxiago) eta Arabak 12 (aurreko egunean baino 14 gutxiago).

Gela arruntetako ospitaleratze berrien kopurua (16 guztira) eta ZIUetan dauden pazienteena (50) bezperakoen parekoak dira. Horrela, 69 pertsona daude ospitalean, bezperan baino 7 gehiago baina duela astebete baino 27 gutxiago.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.