Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

21era jaitsi dira Nafarroan atzemandako kasu berriak

EITB MEDIA

Positibotasun tasa % 2,6koa da, iazko uztailekoaren antzekoa. Iruñeko Sanduzelai auzoan hiru kasu zenbatu dituzte, eta bina atzeman dituzte Mendillorri auzoan eta Burlata eta Erriberri udalerrietan.

  • Gizon bat Nafarroako Milagro herrian

    Gizon bat Nafarroako Milagro herrian. Artxiboko argazkia: EFE.

Positibo berrien beherakada nabarmena izan da Nafarroan igande honetan; izan ere, 813 proba egin dituzte, eta % 2,6ko positibotasun tasa izan dute, iazko uztailekoaren antzekoa, 21 positiborekin, Nafarroako Gobernuaren datuen arabera.

Horrek esan nahi du kasuen kopurua erdira jaitsi dela aurreko eguneko datuekin alderatuta, 43 kasu zenbatu baitziren bezperan, % 4,8ko positibotasun-tasarekin.

Iruñeko Sanduzelai auzoan hiru kasu atzeman dituzte, eta bina atzeman dituzte Mendillorri auzoan eta Burlata eta Erriberri udalerrietan.

Ospitaleen egoerari dagokionez, 28 gaixo daude ingresatuta covid-19arekin Nafarroako ospitale sarean, bezperan baino bat gehiago. Atzo ez zuten zuzenean inor sartu ZIUetan, baina ingresatuta zegoeneko bat lekualdatu zuten bertara. Ez zen hildako gehiagorik izan gaitzaren ondorioz, beraz, 1.191 dira pandemia hasi zirenetik Foru Erkidegoan hildakoak.

Txertaketaren datuak

Txertaketari dagokionez, 5.106 dosi inokulatu zituzten atzo. Guztira 527.063 txerto eman dira eta 20.279 pertsonak jaso dute pauta osoa.

Oro har, Nafarroako 16 urtetik gorako biztanleen % 60k baino gehixeagok du dosi bat jarrita, eta populazio horren % 38 erabat immunizatuta dago.

Bestalde, 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia-tasa metatua 92,63koa zen ostiralean Foru Erkidegoan, Espainiako Osasun Ministerioak emandako datuen arabera.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.