Gizartea
Araba Euskaraz
Arabak euskarari bideak zabaldu dizkio, Laudion
Berezi Fernandez | EITB Media
Laudio Ikastola izan da aurtengo Araba Euskarazen antolatzailea. Covid-19aren pandemiak baldintzatuta, programazio berezia osatu dute.
Laudio Ikastolaren 50. urteurrenaren atarian, Araba Euskaraz jaialdia herrian bertan ospatu dute, "Zabal bideak" lelopean. Pandemia tarteko, eguneko ekintzetan parte hartu nahi izan dutenek hitzordua hartu behar izan dute.
10:00etan, irekiera ekitaldiko diskurtsoarekin hasi dute eguna Araba Euskarazen antolatzaileek, herriko plazan, erakundeetako ordezkarien eta gizarte eragileen babespean. Bertan, Aiora Murga Laudio Ikastolako bozeramaileak azaldu du, momentu latzetan ere, "gure kultura bizirik mantentzeko indarra eta kemena" erakutsi dutela.
Ildo beretik, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak ikastolaren ibilbidea goratu du, duela 50 urte landatutako "zuhaizka txiki bat" enbor mardul bilakatu dela azalduz. Hala, sailburua eskertuta agertu da hezkuntza komunitatearekin, ikasturtea behar bezala amaitzeko erakutsi duten ardura eta esfortzua goraipatuz.
Ramiro Gonzalezek, Arabako ahaldun nagusiak, familiek eta ikastolek lurraldean euskara bultzatzeko egin duten lana azpimarratu du. "Familiak ikastolen habeak, zutabeak eta hezurdura" izan direla gogorarazi du Gonzalezek, inaugurazio ekitaldian.
Abian da Araba Euskaraz Eguna. Zabal bideak!#Ikastolak #ArabaEuskaraz
— Koldo Tellitu (@KoldoTellitu) June 20, 2021
Laster, 50 urte beteko ditu @LaudioIkastola|k. Gaur, #ArabaEuskaraz ospatzen ari da #Laudio|n, Zabal bideak lelopean @EHIkastolak pic.twitter.com/faZOuC6zgS
Haurrentzako tailerrez, musika emanaldiez, kirol ekitaldiez eta beste hainbat ikuskizunez gozatzeko parada izan dute gaur Laudiora gerturatu diren euskaltzaleek. Ekintzok antolakuntzak bereizitako hiru guneetan egin dituzte; Euskararen Plazan, Euskararen Basoan eta Azoka Gunean, hain zuzen ere.
Aurtengo edizioaren aurkezpenean Jon Bengoetxea Laudio Ikastolako zuzendariak azaldu duenez, Araba Euskarazen bueltan bildutako dirua "ikastolak, Hezkuntza eta komunitate euskalduna biziberritzeko" erabiliko dute. Hala, Bengoetxeak berak berretsi zuenez, Aiaraldeak "euskarari, parte hartzeari, euskal kulturari eta eraldaketa pedagogikoari" zabaldu nahi dizkio bideak.
Araba Euskarazen hasiera ekitaldia. Argazkia: EITB Media