Gizartea
Profila
Biografia: Baltasar Garzon, epaile mediatikoa eta nekagaitza
Erredakzioa
Azken bi hamarkadetan, Garzonen jarduera ugaria izan da: droga-trafikoaren aurkako operazioak, komunikabideen itxierak, alderdi politikoen ilegalizazioak, Augusto Pinocheten gaineko ikerketak...
-
Baltasar Garzon epailea. EFE
Baltasar Garzon epailea 1955eko urriaren 26an jaio zen Jaengo Torres herrian, ezkonduta dago eta hiru seme-alaba ditu. 1981eko otsailaren 13an hasi zuen bere jarduera profesionala eta 1988an iritsi zen Auzitegi Nazionalera.
Baltasar Garzon Espainiako epailerik ezagunena da aurrera eraman dituen ikerketa eta auzi garrantzitsuengatik.
Droga-trafikoaren aurka
Narkotrafikoaren kontrako operazio ugari zuzendu ditu, besteak beste, 'Necora' operazioa 1990ean (Laureano Oubiñak zuzendutako sarea desegitea eragin zuen) eta Galizian jarduten zuten 'Los Charlines' klaneko kideen atxiloketa ekarri zuena.
Ezker abertzalearen eta ETAren "inguruaren" kontrako operazio polemikoak
1998 urtean, ezker abertzalearen eta ETAren "inguruaren" kontrako polizia-operazio polemiko batzuk agindu zituen Garzon epaileak. Horren erakusle da AEKren zenbait egoitza miatu eta hamar bat lagun atxilotu izana, gerora ETArekin inolako harremanik zutela frogatu zen arren.
Urte horretan itxi zituen Egin egunkaria eta Egin Irratia. 2001eko apirilean Ardi Beltza aldizkaria ixteko agindua eman zuen; aldizkariko zuzendaria, Pepe Rei, atxilotu egin zuten, "komunikabide hori ETAren helburuen mesedetan erabiltzeagatik".
2001eko azaroan, Amnistiaren Aldeko Batzordeen aurkako operazio ikusgarria burutu zuen: 200 bat poliziak hartu zuten parte eta guztira 13 pertsona atzeman zituzten EAEko eta Nafarroako hainbat herri eta hiritan.
2002ko urrian, Batasunaren jarduerak hiru urtez eteteko erabakia hartu zuen, "ETAren egiturako parte" zelakoan.
Horrez gain, 2003ko martxoan, Espainiako Alderdi Komunistaren aurka egin zuen: alderdiaren jarduerak eten eta Espainian nahiz atzerrian zituen lokalak itxiarazi zituen, GRAPO erakundearen "beso politikoa" zela argudiatuta.
Oihartzun handiko kasuak
Garzonek bideratutako auzi askok oihartzun handia izan dute bai Estatuan bai Espainiatik harago. 2008ko irailean, esaterako, frankismo garaian izan ziren desagertzeak ikertzeko eskumena zuela ondorioztatu eta 19 hilobi komun irekitzeko agindua eman zuen.
Augusto Pinochet Txileko diktadorea atxilotzeko agindu zuen, bere agintaldian espainiar herritartasuna zuten herritarrak torturatzea eta hiltzea leporatuta eta gizateriaren aurkako krimenak egitea egotzita; AEBetako Gobernua kritikatu zuen Guantanamoko kartzelan Al Kaidako ustezko kideak bidegabe kartzelatzeagatik; Irakeko gerra publikoki salatu zuen eta Osama Bin Laden atxilotzeko agindua eman zuen.
Akusatuen aulkian
2012eko urtarrilaren 17an, Garzon epaileak Auzitegi Gorenean deklaratuko du, 'Gürtel auzian' prebarikazioa egitea leporatuta; izan ere, aipatu kasuan auzipetuta dauden zenbait pertsonaren komunikazioak kontrolatzea agindu zuen eta, hori dela eta, auzipetuek salaketa jarri zuten haren aurka.
Horrez gain, urtarrilaren 24an, beste epaiketa bat izango du, frankismo garaian izan ziren krimenak ikertzeko eskumena zuela ebazteagatik, eta Auzitegi Gorenean hirugarren aldiz Garzon akusatuen eserlekura eramatea aztertzen ari dira, New Yorken 2005ean eta 2006an irakasle gisa jaso zituen diru-sarreren harian.
Politikagintza
1993an, bere ibilbide judizialean etenaldia egin zuen eta PSOEko diputatu izan zen, 1994ko maiatzean kargua uzteko erabakia hartu zuen arte.