Itxi

Gizartea

TXERTAKETA

DBHko eta Batxilergoko ikasleak abuztu amaieran hasiko dira txertatzen

EITB MEDIA

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri du albistea, gaur, Madrilen egindako ekitaldi batean. 2021-2022 ikasturtea hasi baino bi aste lehenago hasi nahi dute gazteen txertaketarekin.

  • Gasteizeko institutu bateko ikasleak, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE.

    Gasteizeko institutu bateko ikasleak, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE.

12 eta 18 urte bitarteko haurren eta gazteen txertaketak badu jada data. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) eta Batxilergoko ikasleen txertaketa abuztu amaierarako du aurreikusita Espainiako Gobernuak.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak gaur iragarri duenez,  Sendagaien Europako Agentziak aurreikusitako baimenak emanez gero, datorren ikasturte akademikoa hasi baino bi aste lehenago hasi nahi dute gazteen eta nerabeen txertaketarekin.

Carolina Darias Osasun ministroak aukera hori aurreratu zuen joan den astean, eta gaur, Sanchezek, Moncloan hezkuntza-komunitatearen omenez egindako ekitaldi batean, mezu bera errepikatu du: "Dudarik gabe, gure ikasleen txertaketa urrats erabakigarria izango da,  hezkuntzan eta gizartean normaltasuna berreskuratzeko bidean".

Pandemia garai hauetan hezkuntza-komunitateak egin duen erakustaldia ikusita, "Espainia hezkuntzan bikaintasun akademikoa lortzeko gai" dela defendatu du Sanchezek.

Kolektibo horrek ikasturte honetan egin duen ahalegin eskerga eskertu nahi izan du Espainiako presidenteak eta irakasleek ikasgeletan zein ikastetxeetan egin duten lanaz jabetzea ezinbestekoa dela ere gehitu du.

Gainera, Estatu espainiarrean pandemiaren unerik txarrenetan ikasgelak irekita mantentzea balioan jarri nahi izan du. Azaldu duenez, ikasgelen % 99,8 zabalik egon dira pandemiak iraun duen bitartean: "Mende batean bizi izan dugun hondamendia handienaren aurrean hezkuntza sistemak eman duen erantzuna ohorezko matrikula emateo modukoa izan da. Ia mundu osoan eskolak itxita egon direnean, Espainia izan da gelak zabalik mantendu dituen munduko herrialde gutxietako bat".

Azkenik, gobernu autonomikoen eta Hezkuntza Ministerioaren arteko "koordinazio handia" azpimarratu nahi izan du.