Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Ipar Euskal Herrian jada ez da derrigorrezkoa aire zabalean musukoa erabiltzea

agentziak | eitb media

Leku itxietan, hala ere, nahitaezkoa izango da, eta baita ilaretan eta bestelako jende pilaketetan ere. Gainera, etxeratzeko agindua hilaren 20an amaituko da.

  • Jendea musukoarekin kalean. Argazkia: Efe

    Jendea musukoarekin kalean. Argazkia: Efe

Gaurtik, Ipar Euskal Herrian ez da derrigorrezkoa aire librean musukoa erabiltzea, eta etxeratzeko agindua hilaren 20an amaituko da, Jean Castex lehen ministroak atzo iragarri duenez.

Ipar Euskal Herriko biztanleek zazpi hilabete daramatzate musukoa erabiltzen, eta aurrerantzean ere nahitaez eraman beharko dute "leku itxietan" eta jende pilaketak izan ohi diren bestelako toki batzuetan.

Etxeratzeko aginduaren amaiera 10 egun aurreratuko da, ekainaren 30etik 20ra. Zazpi hilabete eta erdi zeramatzan indarrean neurri horrek.

Txertatzearen inguruan, erritmoari eustearen garrantzia azpimarratu zuen Castexek birusaren kutsatzeak 2020ko abuztuko mailara jaistea lortu dutelako.

Txertatzeko prozesua osatu duten pertsonen kopurua 16,5 milioira iritsi da Estatu osoan (bostetik bat), eta abuztu amaierarako kopuru hori 35 milioira iristea espero duela esan zuen Frantziako lehen ministroak.