Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Nafarroan edukierak eta ordutegiak zabalduko dira ostiral honetatik aurrera

O. P. | eitb media

Nafarroako ostalaritzako edukiera % 50ekoa izango da ostiraletik aurrera, eta % 40koa txoko eta peñetan. Establezimendu eta zerbitzu gehienen itxiera gauerdira arte luzatuko da.

  • Ostalaritza barruko edukiera % 50ekoa izango da gehienez.

    Ostalaritza barruko edukiera % 50ekoa izango da gehienez. Argazkia: EFE.

Nafarroak beste pauso bat emango du ostiral honetan "neurrien malgutze mailakatu eta ordenatuan" Foru Arau berri baten bidez. Arau berrien arabera, edukiera eta ordutegiak zabalduko dira sektore eta aktibitate askotan, Covid-19aren egoera epidemiologikoak eta osasun egoera kontuan hartuta.

Neurri berriak ostiral honetan, ekainaren 18an sartuko dira indarrean, momentuz, uztailaren 1er arte, biak barne. Helburua da egoera egonkortzen joatea eta neurriek emaitzak monitorizatzea, bai intzidentzian, bai txertaketa-kanpainak osasungintza-eremuan duen eraginean ere. Osasun sailburu Santos Indurainek adierazi duenez, "edukiera eta ordutegiak gure bide-orrian jasotzen den arrisku ertaineko egoerara pasatzean datza aldaketa".

Neurri berrien arabera, ostalaritzako barrualdeen edukiera % 30ekoa izatetik % 50ekoa izatera pasako da. Hala ere, aukera emango zaie establezimenduei erantzukizunpeko adierazpen bat aurkez dezaten, covid-19ren prebentziorako jardunbide egoki batzuk betetzeko konpromisoa hartzen dutela ziurtatzen duena, hala nola distantziak handitzea, CO2 neurgailu bat instalatze eta 800 ppm-ak (milioiko zatiak) ez gainditzea edo bezeroen trazabilitatea bermatzea. Horrela, barnealdearen gehieneko okupazioa mahaien arteko distantziak markatuko du, gutxienez 2 metrokoa izan beharko duelarik.

Mahai bakoitzean gehienez ere 6 lagun eseri ahal izango dira, euren artean 70 cm-ko distantzia gordez, eta itxiera ordua gauerdira atzeratuko da.

Ezkontza ospakizunei, bataioei, jaunartzeei eta zeremoniaren ondoren izan daitezkeen bestelako ospakizun sozial, familiar, erlijioso edo zibilei dagokienez, ospakizunak egingo diren establezimendutan 50 pertsona egon ahal izango dira gehienez barruan eta 100 kanpoan.

Zerbitzu hori eskaintzen duten establezimenduek ere erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu ahal izango dute, ostalaritzaren kasuan bezala; beraz, muga zabalagoa izango da: 75 pertsona barruan eta 150 kanpoan. Edozein modutan, debekatuta egongo da dantza-pistak edo horiek erabiltzeko egokitutako guneak erabiltzea.

Elkarte gastronomiko eta peñen kasuan, edukiera % 30etik % 40koa izatera pasako da, eta erabilera anitzeko espazioena, aldiz, % 50ekoa. Horietan egiten diren ospakizunetan, gehienez ere 50 lagun elkartu ahal izango dira barrualdeetan eta 100 kanpoan, eta 24:00ak arte egon ahalko dira zabalik.

Bingo, joko- eta apustu-areto eta jolastokietan ere edukiera gehienezkoa % 50ekoa izango da eta gauerdira arte egon ahal izango dira zabalik.

Bestetik, aterpetxeetan, bestalde, literak dituzten geletan edukiera % 40koa izango da gehienez, eta gela bananduak edo oheak pertsona arteko distantzia bermatzen duten gisan jarrita dituztenen kasuan, % 60koa. Hotel eta ostatu turistikoetako espazio komunen edukierak ezingo du % 60a gainditu.

Akademia, autoeskola eta arautu gabeko ikastetxe eta prestakuntza zentroetako aforoa % 60koa izango da.

Kultura- eta kirol-jarduerak

Liburutegi, monumentu, erakusketa-areto eta museoen edukiera ere % 60koa izango da, eta, edonola ere, ezingo dira 300 pertsona baino gehiago sartu. Taldeko bisita edo jarduera gidatuak gehienez 18 pertsonako taldeetan egingo dira barnealdeetan eta 25 kanpoaldeetan. Monumentuak, erakusketa aretoak eta museoak ixteko gehienezko ordutegia 24:00ak arte luzatuko da.

Zinemetan, antzokietan, auditorioetan, karpa-zirkuetan eta antzekoetan jarduerak egin ahal izango dira aurrez esleitutako besaulkiak erabiliz gero, betiere baimendutako gehieneko edukieraren % 60 gainditzen ez badute. Edukiera hori, nolanahi ere, ezin izango da 300 pertsonatik gorakoa izan. Beranduenez ere 24:00etan itxi beharko dira horiek.

Kirolari dagokionez, lehiaketa ez profesionalak eta kirol jarduerak publikoarekin egin ahal izango dira, beti ere gehienez baimendutako edukieraren % 50 gainditzen ez bada. Instalazio itxietan, ikusleak ezingo dira 300 baino gehiago izan eta leku irekietan muga hori 600 pertsonakoa izango da. Ohikoa den moduan, edukiera horiek gainditu nahi dituzten jarduerek Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren (ISPLN) baimena beharko dute.

Bestalde, jolas-erabilerarako igerilekuek edukieraren % 60ko muga errespetatu beharko dute, bai sarrera-irteeretan, bai jolas-eremuan. Era berean, aldagela eta dutxetan % 50eko aforoa egongo da, eta ezingo dira bata bestearen alboan dauden dutxak erabili. Igerilekuak 22:00etan itxi beharko dira beranduenez ere.

Maskararen erabilera

Estatuan arauak aldatu daitezkeen arren, Gobernuak gogorarazi du Nafarroan jarduera jakin batzuk maskararik gabe egin daitezkeela kanpoaldean, kirol-jarduerak, esaterako, beti ere pertsonen arteko distantzia bermatzen bada, bai eta igerilekuetan edo bainurako egokitutako lekuetan bainatzeko unean, edo eguzkitan etzanda egoterakoan, segurtasun-tarteari eutsita.

Herriguneetatik kanpoko natura-jardueretan ere erabiltzetik salbu egongo dira herritarrak: mendi-ibilaldietan, eskaladan, txirrindularitzan eta bestelakoetan, pertsonen artean 1,5 metroko distantzia gordez.