Gizartea
Koronabirusa
Osasun Publikoko Batzordeak 12 urtetik gorako nerabeak txertatzea onartu du
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Batzordeak, baina, ez ditu aztertu musukoa kanpoaldean erabiltzeko beharra bertan behera uzteko eta opor-lekuetan txertoa hartzeko aukerak.
Autonomia-erkidegoek eta Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak, Osasun Publikoko Batzordean, beste hiru talde txertatzea onartu dute; hiru talde horiek 39 eta 12 urte artean daude. Batzordeak, baina, ez ditu aztertu musukoa kanpoaldean erabiltzeko beharra bertan behera uzteko eta opor-lekuetan txertoa hartzeko aukerak.
Espainiako Osasun Ministerioak jakitera eman duenez, ondorengo asteotan txertoen erabilgarritasuna handiagoa izango denez, egungo epidemiologia-egoera ikusita eta uda hastear dela kontuan hartuta, hainbat talde aldi berean txertatzeko aukera egongo da, beheranzko adin-ordenari eutsita.
Batzordeak (Ministerioko eta autonomia-erkidegoetako zuzendari nagusiak daude bertan) txertaketa-planaren hurrengo eguneratzean beste hiru talde sartzea adostu du: hain zuzen ere, 11 taldea (30-39 urte artekoak), 12 taldea (20-29 urtekoak) eta 13 taldea (12-19 urtekoak).
Horrez gain, Batzordeak nabarmendu du lehentasuna duela mendekotasun handia duten edo arrisku oso handian dauden 12 urtetik gorakoak txertatzea; maiatzaren 31n onartu zuten adin-tarte horretako nerabeei txertoa ematea.
Teknikarien iritziz, "ezinbestekoa" da lortzea oraindik txertoa hartu ez duten 40 urtetik gorako herritarrek kanpainan parte har dezatela.
Musukoak kanpoaldean erabiltzeko beharraz eta txertoa opor-lekuan jasotzeko aukeraz, erabakirik ez
Nolanahi ere, hainbat informaziok kontrakoa zioten arren, Espainiako Osasun Ministerioak eta autonomia-erkidegoek ez diote heldu musukoa kanpoaldean erabiltzeko beharra bertan behera uzteko aukerari: "Ez da gaia landu. Ez dago datarik", zehaztu diote Ministerioko iturriek Europa Pressi.
Halaber, Batzordeak ez du erabakirik hartu herritarrek txertoa opor-lekuan jasotzeko aukeraren gainean.