Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Musukoaren erabilera uztailean malgutuko dutela aurreikusten du Nafarroako Gobernuak

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Edonola ere, Maria Chivitek zehaztu du maskararen erabilera arintzeko erabakia Lurraldeen arteko Osasun Kontseiluan adostu behar dela.

  • Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidentea.

    Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidentea. Artxiboko argazkia: EFE

Pandemiaren bilakaerak beherako joerari eusten badio eta txertaketa kanpainan geldialdirik ez bada, Nafarroan uztailean arinduko dute musukoaren erabilera eremu irekietan eta abuztuan lortuko dute talde immunitatea. Hala aurreikusi dute Maria Chivite presidenteak eta Santos Indurain Osasun kontseilariak.    

Bi agintariak Nafarroako Ospitalean izan dira goizean, covid-19aren ondorioz hil diren lagunen omenez egindako 'Memoriaren Lorategi'ra egindako bisitan.

"Pandemiaren bilakaerak orain arteko joerari eusten badio eta txertaketa prozesuak orain arteko azkartasunarekin jarraitzen badu, nik uste dut musukoen erabilera uztailean malgutzea posible izango dela", adierazi du Chivitek.

Edonola ere, ohartarazi du erabaki hori erkidego guztien artean adostu beharra dagoela. "Nik uste dut uztaileko data egokia dela, baina erabakia Lurraldeen arteko Osasun Kontseiluaren esku egongo da", erantsi du.

Bestalde, Indurainek gogora ekarri du eremu irekietan maskararen erabilera malgutzeko aukera uztailaren 15eko aginduan jasota dagoela. Hala, segurtasun tartea bermatzen den tokietan –mendian, esaterako- musukoa ez erabiltzeko aukera aurreikusten du.   

Talde immunitateari dagokionez, Osasun kontseilariak ziurtatu du txertaketa-kanpaina "azkar" doala eta herritarren % 35,5ek hartu dutela pauta osoa eta % 58,2k lehen dosia.

Horrenbestez, eta dosien hornikuntzan arazorik ematen ez bada, talde immunitatea -biztanleriaren % 70-80 txertatuta egotea- abuztuan lortuko litzatekeela aurreikusten dutela gaineratu du.