Gizartea
2021EKO UDA
Hasi da hondartza denboraldia Gipuzkoan, neurri bereziekin
eitb media
Ingurumen Departamentuak edukiera kontrolatzeko sistema hobetu du, eta 'Nik Hondartzak' aplikazioa martxan jarri du berriro, hondartza bakoitzaren okupazio-maila ezagutzeko.
-
Donostiako Ondarreta hondartza. Artxiboko argazkia: EFE
Gipuzkoako hondartza denboraldia martxan da gaurtik aurrera, eta irailaren 15era arte iraungo du. Aurten ere, covid-19ari aurre egiteko neurriak izango dira, eta, besteak beste, edukiera kontrolatzeko sistemak hobetu dituzte.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak hobekuntzak egin ditu hondartzen edukiera kontrolatzeko bideo sisteman, herritarrek espazio horiek modu seguruan erabiltzeko.
Gainera, iaz martxan jarritako 'Nik Hondartzak' aplikazioa (Android eta iOS sistemetarako eskuragai) 15 minutuan behin eguneratuko dute, denbora ia errealean hondartza bakoitzeko okupazio-maila ezagutzeko, mapa interaktibo baten bidez.
Bestalde, Ingurumen Departamentuak pedalak ipini ditu zakarrontzi guztietan, gainazala ukituz kutsatzeko arriskurik ez izateko. Halaber, hondartzen kudeaketa jasangarriaren politikarekin bat eginez, bosgarren zakarrontzi bat ipini dute, beira biltzeko.