Gizartea
KORONABIRUSA
Uztailaren 1etik aurrera Frantzian maskara ez da nahitaezkoa izango aire librean
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Frantziako Gobernuak "egutegi progresiboa eta koherentea" aurkeztu du koronabirusaren aurrean, eta gogorarazi du hurrengo deseskalatze fasea hilaren azken egunean izango dela.
-
Emakume bat maskararekin. EFEren artxiboko irudia
Uztailaren 1etik aurrera maskara ez da derrigorrezkoa izango aire librean Frantzian, Jérôme Salomon Osasun zuzendari nagusiak astelehen honetan adierazi duenez.
RTL irratian egindako elkarrizketa batean, Salomonek jakinarazi du 30 milioi pertsonak baino gehiagok jaso duela jada txertoaren dosi bat.
Kanpoko eremuetan maskararen erailerari buruz esan du Frantziako Gobernuak "egutegi progresiboa eta koherentea" aurkeztu duela, eta hurrengo deseskalatze fasea hilaren azken egunean izango dela.
"Ondo bidean, ekainaren 30ean murrizketa batzuk kenduko ditugu", iragarri du, baina beste babes neurri batzuekin jarraitu beharko dela gaineratu du. Toki itxietan nahitaez eraman beharko da maskara; izan ere, kutsatzeko "arrisku gehiago" dago.
Osasun zuzendari nagusiak azaldu duenez, kutsatze kopuruak behera egin du Frantzian, eguneko 5.000 kasu baino gutxiago atzeman baitituzte asteburu honetan. Hala ere, kontuz ibili behar dela adierazi du.
Frantziako Gobernuari aholkua ematen dion Kontseilu Zientifikoko presidente Jean-François Delfraissyk joan den astean aurreratu zuenez, egoera epidemiologikoa hobetu izanak aukera eman behar du uztailetik aurrera maskara aire librean eramateko betebehar orokorrari amaiera emateko.