Gizartea
KORONABIRUSA
Zein puntutan dago txertaketa Euskal Herrian?
EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA
EAEko 16 urtetik gorakoen % 55,6, Nafarroako 16 urtetik gorakoen % 56,6 eta Pirinio Atlantikoetako (Iparraldea eta Bearno) herritar guztien % 50,5ak jaso dute jada lehen dosia.
-
Bi pertsona Ilunben, Donostian, txertoa jasotzen. Argazkia: EFE
Udan sartzeko hamar egun besterik falta ez diren honetan, erritmo onean doa covid-19aren aurkako txertaketa Europan. Hasierako hornidura eta ziurgabetasun arazoak hein handi batean gaindituta, agian posible izango da hain garrantzitsua litzatekeen talde immuniatea aste batzuk barru lortzea.
Espainiako Estatuan, biztanleriaren % 44,2k badu jada dosi bat jarria ( % 52,2k 16 urtetik gorakoak bakarrik kontuan hartzen baditugu), eta % 25,8 erabat immunizatuta dago (16 urtetik gorakoen % 30,5). Frantziako Estatuan, berriz, biztanleen % 42,2k du lehen dosia jarrita, eta herritarren % 20,9k dute pauta osoa (ekainaren 11ko datuak).
Egoera are hobea da Euskal Herrian, lurralde guztietako adierazleek Estatuetako batez bestekoa gainditzen baitute, bai Hegoaldean, bai Iparraldean.
Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, 16 urtetik gorako herritar guztien % 55,6k jaso dute txertoaren lehen dosia eta % 36,1 erabat immunizatuta daude. Nafarroan, 16 urtetik gorakoen % 56,6k jaso dute lehen dosia, eta % 34,4k pauta osoa. Bestalde, Ipar Euskal Herria eta Biarno barne hartzen dituen Pirinio Atlantikoetako bizilagun guztien % 50,5k dute lehen dosia jarria eta % 27,9k, berriz, pauta osoa (kasu honetan ez dago 16 urtetik gorakoen datua bakarrik jakiterik).
Zer espero da hurrengo asteetarako?
Astelehen honetatik aurrera, ekainak 14, aurrera egiten jarraituko du txertaketak, gutxienez 60.000-100.000 txerto artean iritsiko baitira Forondara, azken asteetako erritmoari eutsiz gero.
Euskal Autonomia Erkidegoan, Osakidetzaren ohartarazpena jaso duten "gazteenak" 1976an jaiotakoak izan dira (45 urte) asteon, eta, beraz, astelehenetik aurrera 44 eta 43 urte dituzten pertsonei hitzordua hartzeko aukera indarrean jartzea espero da. Hala, adinean behera jarraituko du txertaketak datozen egunetan, 40 urtera iritsi arte.
Nafarroan, Santos Indurain kontseilariak ostegunean aurreratu zuenez, gutxi barru nafarren % 50 erabat immunizatuta egongo da, eta 39 urtetik beherakoen txertaketa sanferminen buelta horretan hastea espero dute.
Ipar Euskal Herrian, 18 urtetik gorako edonork eska dezake covid-19aren aurkako txertoa maiatzaren 31tik, itxaron gabe. Hitzordua doctolib.fr webgunearen bidez hartu behar da.
Nerabeen txertaketa
Zer gertatzen da, ordea, 18 urtez azpikoekin? Adin tarte horretarako Pfizer onartu du jada EMAk eta Modernaren eskaria aztertzen ari dira orain.
Gauzak honela, ekainaren 15etik aurrera hasiko dira 12 eta 18 urte bitarteko gaztetxoei txertoa jartzen Ipar Euskal Herrian.
Hegoaldean, oraingoz, ez dago planifikaziorik adin tarte horretako pertsonen txertaketa osatzeko, baina Espainiako Osasun Ministerioak abuztuaren amaiera eta irailaren hasiera bitartean egitea espero du; datorren ikasturtea hasi baino lehen, alegia.