Gizartea
Errugbi partida
Pandemia garaiko jende multzorik handiena bildu da Biarritzen, errugbi derbian
Berezi Fernandez | EITB Media
5.000 lagun izan dira Aguilera estadioan, Biarritz Olimpyque eta Aviron Bayonnais taldeen arteko partidaz gozatzen, segurtasun neurri zorrotzak tarteko.
Gaur arratsaldean pandemia aldian Euskal Herrian bildu den jende multzorik handiena elkartu da Biarritzen, Biarritz Olimpyque eta Aviron Bayonnais taldeen arteko errugbi partidan. 5.000 lagun izan dira Aguilera estadioan, segurtasun neurri zorrotzak tarteko.
Euskal taldeen arteko derbian elkartu diren zaleek txertatze ziurtagiria edo diagnostiko test negatiboa aurkeztu behar izan dute estadiora sartu orduko. Gainera, Baionako eta Biarritzeko taldeen zaleek gune bana izan dute egoteko, eta ezin izan dute bertatik mugitu. Estadioko segurtasun neurriak argiak ziren arren, publikoak ez ditu guztiz bete, eta musukorik gabeko jende andana egon da.
Tabernei dagokienez, Prefetak debekatu egin zuen partida telebistan ematea, eta Paueko auzitegiak arrazoia eman berri dio. Hortaz, estadiora joateko aukerarik izan ez duten zaletuek etxean ikusi behar izan dute kirol ekitaldia.
Kalerako ere segurtasun neurri bereziak ezarri ditu Prefetak: ezin izango da alkoholik edan arratsaldeko 16:00etatik aurrera.
Ipar Euskal Herrian, herritarren txertaketa prozesua oso aurreratuta dago; izan ere, 18 urtetik gorako edozein herritarrek eska dezake txertoa hartzeko hitzordua. Gainera, 12 eta 18 urte bitarteko nerabeak txertatuko dituzte, ekainaren 15etik aurrera. Neurri murriztaileak ere Hegoaldekoak baino gogorragoak dira: oraintsu ireki dituzte tabernen barrualdeak eta 23:00etan dute etxeratzeko agindua.