Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Covid-19aren intzidentzia metatua beste 6 puntu jaitsi da Euskadin, 174raino

Naiara Ballesteros | EITB MEDIA

R0 indizeak beste ehunen bat egin du behera 0,82ra arte, eta ZIUetan egoera gero eta hobea da, 71 pertsona kritiko baitaude. Positibo berriek 200 kasu baino gehiago izaten jarraitzen dute.

  • Hainbat pertsona Gasteizen

    Hainbat pertsona Gasteizen. Argazkia: EFE.

Covid-19aren intzidentzia metatuak behera egiten jarraitzen du Euskadin, eta sei puntu pasatxoko azken atzerakadaren ondoren, azken 14 egunetan 100.000 biztanleko 174,80 kasu izan dira.

Euskadik 224 kasu berri zenbatu ditu ostegun honetan, aurreko egunean baino 14 gutxiago. Hala ere, positiboen tasa bi hamarren igo da (% 3,3).

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur jakitera eman dituen datuen arabera, ostegunean 6.769 PCR eta antigeno test egin, eta 40 positibo atzeman dituzte Araban, 123 Bizkaian eta 60 Gipuzkoan. Bestalde, Euskaditik kanpo bizi den positibo bat atzeman dute.

Ospitaleetan 36 pertsona ospitaleratu dituzte ostegun honetan, bezperan baino 12 gehiago, eta, guztira, 116 dira gela arruntetan dauden gaixoak, aurreko balantzean baino zortzi gehiago. Gaur egun, koronabirusa duten 71 pertsona daude zainketa intentsiboetako unitateetan, aurreko egunean baino sei gutxiago, eta urtarrilaren 5etik izandako daturik baxuena.

Datu horiekin, 14 eguneko intzidentzia metatuak behera egin du, azken bi egunetan bezala; izan ere, asteazkeneko 180,8 kasuetatik ostegun honetako 174,8ra jaitsi da.

Araban, joera aldatu egin da, eta adierazle horrek behera egin du: asteazkeneko 150,8 kasuetatik osteguneko 149,3 kasuetara. Bizkaiak eta Gipuzkoak beheranzko joerari eutsi diote, eta 178,4 eta 174,4 kasurekin geratu dira, hurrenez hurren.

Adin-taldeen arabera, intzidentzia metatua handiagoa da 0-18 urtekoen taldean (266,2 kasu), eta txikia 65 urtetik gorakoen artean (47,5 kasu); izan ere, txertoaren ondorioz, adin-talde horretako kutsadurak oso txikiak dira guztizkoaren aldean. Ostegun honetan, 224 kutsatuetako 10 izan dira 65 urtetik gorakoak.

Gaixo batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten duen oinarrizko birsorkuntza-tasa apur bat jaitsi da Euskadin, 0,83tik 0,82ra.

R0 indizea bereziki positiboa da Gipuzkoan, 0,74ra jaitsi baita, eta Bizkaian ere jaitsi da, baina 0,86an dago. Araban apur bat gorago dago, 0,85ean, azken 24 orduetan ehunen bat igo ostean.

Pandemiaren bilakaera dela eta, gaur egun Azkoitia (Gipuzkoa) bakarrik dago eremu gorrian, azken 14 egunetako intzidentzia-tasa metatua 400 kasutik gorakoa baitu.

Hezkuntza sistemari dagokionez, ostiral honetan 45 gela itxi dituzte covid-19aren kasuengatik, eta ostegunean 43 ziren. Ez dago pandemiak itxitako jarduera presentziala duen zentrorik, baina 34k egunerokoa aldatu dute koronabirusaren kasuen ondorioz (bezperan baino 2 gehiago dira).

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.