Gizartea
KORONABIRUSA
Positiboek berriro egin dute gora Nafarroan
Eider Garaikoetxea | EITB MEDIA
61 kutsatze atzeman dituzte, duela bi aste zenbatutako 77 kasuen azpitik.
-
Erizain bat gizon bat txertatzen Nafarroan. Artxiboko argazkia: EFE
Pandemiaren bilakaera nahikoa egonkor dago azken asteotan Nafarroan, azken orduetan positiboek gora egin badute ere, 61 zenbatzeraino, Foru Gobernuak emandako datuen arabera.
Atzokoan 1.544 proba diagnostiko egin zituzten (bezperan baino 138 gutxiago), eta horietatik % 4 positibo izan ziren. Horrenbestez, positibotasun tasa puntu bat igo da.
Bezperan baino 12 gehiago dira, baina duela astebete zenbatutakoaren (59) bueltan daude, eta duela 14 egun atzemandako 77 kasuen azpitik.
Positibo gehien zenbatu dituzten udalerri edo guneei dagokienez, Antsoain da denen buru, sei kutsatzerekin. Iruñeko Txantrea auzoan eta Tafallan bosna kasu atzeman dituzte, eta Sarrigurenen, Azkoienen eta Iruñeko Arrotxapea auzoan, hiruna.
Atzo 33 pertsona zeuden ospitaleratuta covid-19ak jota Foru Erkidegoko ospitale sarean, bezperan baino bat gutxiago.
Atzo pertsona bakarra ospitaleratu zuten eta ez zen hildakorik izan. Hala, gaitzak jota hildakoak 1.190 dira guztira Nafarroan.