Itxi

Gizartea

Epaiketa

Adituek baieztatu dute guraso alienazio sindromea ez dela existitzen

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Bizkaiko Foru Aldundiak balizko sindrome horretan oinarritu zuen Irune Costumerori alaba kentzeko erabakia. Epaiketa epaiaren zain geratu da.

1:22
Epaiaren zain geratuko da auzia. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

Alabaren zaintza kendu ziotelako Irune Costumerok Bizkaiko Foru Aldundiaren aurka abiarazitako prozesu judizialaren epaiketa epaiaren zain geratu da. Akusatuen eserlekuan Sergio Murillo Gizarte Ekintzarako diputatua eta adin txikikoen zerbitzuko hiru langile eseri dira. Bost urteko kartzela-zigorra eta 15 urteko gaitasun-gabetzea eskatzen dute haientzat.

2017an, haurrak bost urte zituenean kendu zioten alabaren zaintza Costumerori, guraso alienazio sindromea zuela argudiatuta. Alabaina, azkeneko saioan auzitegi medikuek eta psikiatrek deklaratu dute eta ziurtatu dute balizko sindrome hori ez dela patologia bat.

Munduko Osasun Erakundeak zientifikoki errefusatu duen sindromea da, eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak eta Haurren Babeserako Legeak jazarria, amen sinesgarritasuna eta tratu txarren lekukotzak zalantzan jartzen dituelako.

Horrez gain, Aldundiko langileek amari umea kendu zioten unearen grabazio bat entzun dute. Audioak lau minutuko iraupena dauka. Haurrari negarrez entzuten saio, amari laguntza eskatuz eta gizarte zerbitzuetako langileei oihuka: "aska nazazue, aska nazazue".   

Grabazio horrek gezurtatu egiten du akusatuen eta Aldundiaren egoitzan izan ziren ertzainen testigantza, indarkeriarik izan ez zela eta umea "lasai" joan zela kontatu baitzuten.

Iñaki Arana abokatuak azaldu duenez, egun hartan Aldundiko segurtasun kamerek grabatutako irudiak desagertu egin zirela, baina behargin batek bere kabuz banaketaren audioa grabatu zuela eta ondoren artxiboa amari helarazi ziola. "Grabazio horrek desmuntatu egiten du Aldundiak banaketari buruz kontatu zigun asmakizuna", erantsi du.

Horrez gain, akusazioak gogora ekarri du epaimahaia errefusatu zuela, epaile inpartzial bat eta epaiketa justu bat izateko oinarrizko eskubidea bermatzeko. Eta nabarmendu du auzipetuek prebarikazioa egin zutela, amari haurra kentzeko erabakia zaintza partekatua ezarri zuen epaileari eta Fiskaltzari ezer jakinarazi gabe gauzatu zutelako. "Umea hiru urtez eskubiderik gabe izan zuten eta berdin izan zitzaien legea urratzea", kritikatu du.

Akusatutako gizarte-langile batek ebatzi zuen umeak guraso alienazioaren sindromea zuela eta horregatik ez zuela bere aitarekin egon nahi. Horrenbestez, Aldundiak adin txikikoa behin-behinean zaintzeko ardura hartu zuen, ondoren aitaren esku uzteko.

Halaber, Aldundiaren txostena Barakaldoko Udaleko psikologo batek egindako balorazioan oinarritu zen. Garai hartan, profesional horrek berretsi egin zuen guraso alienazioaren sindromearen teoria, baina epaiketan zehaztu du amak manipulatu izanaren "zantzuak" antzeman zituztela.

Gauzak horrela, Costumeroren abokatuak azpimarratu du "oinarririk gabeko eta gezurrekin egindako txosten partziala" izan zela, amari umea kendu ahal izateko. Ildo berean, nabarmendu du Bizkaiko Auzitegiak duela hamar urte ebatzi zuela guraso alienazioaren sindromea "emakumearen kontrako indarkeriaren beste adierazpen bat" dela.

Bestalde, akusazioek deitutako perituek egindako txostenek berretsi egin du Irune Costumero indarkeria matxistaren biktima izan zela, haren bikotekide ohia absolbituta geratu bazen ere; eta ohartarazi dute amarengandik ia lau urtez banatuta egon izanak kalte psikologikoak eragin dizkiola umeari.  

Gauzak horrela, akusazioak 5 urteko, zortzi hilabeteko eta egun bateko kartzela-zigorrak eskatu ditu lau auzipetuentzat, prebarikazioa, tratu txarrak ematea eta lesio psikologikoak eragitea egotzita. Halaber, 15 urtetan kargu edo langile publiko izateko debekua galdegin du.

Fiskalak eta defentsak, berriz, absoluzioa eskatu dute akusatuentzat, eta epaiketaren gastuak Costumerok ordaindu behar dituela berretsi dute.