Gizartea
ERASO HOMOFOBOA
LGTBI taldeek Basauriko eraso homofoboan ofizioz jardutea eskatu diote Fiskaltzari
A. S | EITB MEDIA
Gainera, manifestazioa antolatu dute bihar arratsalderako. 19:00etan hasiko da Basauriko udaletxetik eta Bizkotxalde parkean, hau da, erasoa gertatu zen toki berean amaituko da.
-
Bizkotxalde parkea, erasoa gertatu zen tokia. Argazkia: Tania Sandin
Euskadiko lesbiana, gay, transexual eta bisexualen taldeek igandean basauritar batek 13 gazteren eskutik jasan zuen eraso homofoboa gaitzetsi dute, eta Fiskaltzari eraso horren aurrean ofizioz jokatzeko eskatu diote, "sexu-orientazioagatiko gorroto-delitu argia" delako.
Asteazken honetan argitaratutako prentsa-ohar batean, hainbat LGTBI taldek "irmoki eta erabat" gaitzetsi dute gazte basauritarrak jasandako jipoia, eta erakundeei gaitzespen horrekin bat egiteko deia egin die; izan ere, taldeen esanetan "hori giza eskubideen kontu bat da, eta ez dago beste jarrerarik".
Iragan igande goizaldean, hainbat pertsonak eraso homofoboa egin zioten gazte bati Basauriko Bizkotxalde parkean, eta biktima ospitalera eraman behar izan zuten zuten hainbat lesiorekin.
Ikerketa horren baitan, Ertzaintzak eta Basauriko Udaltzaingoak 18 eta 27 urte arteko bederatzi gazte identifikatu dituzte erasoaren ustezko egile gisa, eta izapideak ireki dituzte haien kontra, eta epailearen esku utzi.
Manifestazioa Basaurin
Bihar, osteguna, manifestazioa egingo dute Basaurin, 19:00etan. Udaletxetik abiatu eta Bizkotxalde parkean amaituko da, erasoa gertatu zen lekuan, hain zuzen ere.
Maiatzaren 17ko aldarrikapenetik (LGBTIQfobiaren aurkako eguna) aste gutxi pasa diren honetan, eta LGBTIQ harrotasunaren egunaren atarian, "horrelako erasoek agerian uzten dute orientazio afektibo-sexualaren eta identitate sexual-generoaren aldeko eguneroko borroka ezinbestekoak direla oraindik ere", azaldu dute taldeek.
Era berean, oharrean jakinarazi dutenez, biktimaren esku jarri dituzte dituzten "baliabide guztiak, egoera horretan laguntza edo babesa behar izatekotan, eta herritarrei dei egin diete LGBTIQfobiako erasoen aurka mobilizatzeko.
BIDEA: "Gorroto delitu bat da: jipoi honekin kolektibo oso bati zuzentzen zaio mezua"
Basauriko Udalak ere gertatutakoa gaitzetsi, eta eraso homofoboa "irmoki" salatu zuen atzo bertan. Udal talde guztiek sinatutako adierazpen instituzional batean, Udalak adierazi zuen pertsonen askatasuna murriztu nahi duten "horrelako ekintza matxistak guztiz onartezinak" direla.