Gizartea
Soziometroa
Lan merkatua da EAEko arazo nagusia, herritarren gehiengoaren arabera
E. G. | EITB MEDIA
Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egindako galdeketari erantzun dioten herritarren % 68k aipatu du. Pandemia ageri da bigarren tokian, % 39k esanda.
-
Hainbat pertsona Bilbo erdiguneko kale batean. Argazkia: EITB Media
Lan merkatua da, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) herritarren gehiengoaren arabera, Euskadik duen arazo handiena, Eusko Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egindako galdeketaren arabera. Lan arlokoak dira, horrenbestez, gizartearen kezka iturri nagusiak, inkestari erantzun dioten herritarren % 68k aipatu baititu. Bigarren tokian ageri da, logikoa den moduan, covid-19aren pandemia eta horren ondorioak (galdetutakoen % 39k bota dute).
Jaurlaritzak gaur kaleratutakoa 73. Soziometroa da, "pandemia tarteko inkestak presentzialki egiteko egon den ezintasuna dela eta, izandako 15 hilabeteko etenaldiaren ostean". Izan ere, azken inkesta hori, aurrekoak ez bezala, telefono bidez egindako galdeketekin burutu da. Informazio bilketa maiatzaren 17tik 21era egin zen 18 urtez gorako 3.333 pertsonari itaunduta.
Aldaketa metodologiko hori dela medio (elkarrizketak aurrez aurre egin barik, telefonoz egitea), aurrerantzean "Egoeraren balorazioa" eta "Jarrera eta balio politikoak" ataletan jasotako aldizkako jarraipen-gaiak baino ez dituzte jasoko.
Lehenengoari buruz galdetuta, eta zehazki Euskadiko arazo nagusiei buruz, herritarrek lan merkatuarekin lotutakoak aipatu dituzte gehien, % 68k hiru arazo nagusien artean. Bigarrenik, covid-19 pandemiarekin lotutako arazoak ageri dira (% 39k egin dute aipamena). Jarraian azaltzen dira egoera politikoa, politikoak eta gatazka politikoa (% 20), arazo ekonomikoak (% 18), Osakidetza eta osasuna oro har (%18), etxebizitza eta etxegabetzeak (%10) eta immigrazioarekin eta arrazakeriarekin lotutako arazoak (% 6).
Ikuspuntu orokorrak balorazio pertsonalarekin egiten du talka
Orokorrean, lan arloko arazoen inguruko kezka handia bada ere, aipatzekoa da norberaren lan egoeraren balorazioa egiteko orduan joera aldatzen dela. Izan ere, 10 lagunetik 7k ( %73) uste dute euren egoera "ona edo oso ona" dela. Datu horrek egoera oso onean kokatzen du Euskadi, EBko edo Espainiako Estatuko batez bestekotik gora. Txanponaren ifrentzuan, euren lan egoera pertsonala "nahikoa txarra" dela diote itaundutakoen % 14k, eta % 8k "oso txartzat" jotzen dute.
EAEko biztanleek 6,9 punturekin baloratu dute beren egungo egoera orokorra, 0tik 10era bitarteko eskalan, eta hobetzeko joera ikusten dute, bai atzera begirakoa, zein aurrera begirakoa. Hala, 6,3 puntu eman dizkiote duela urtebeteko egoerari, eta 7,2 puntu urtebete barru izango dutela aurreikusten dutenari.
Pobreziatik (0) aberastasunera (10) doan eskalan duten kokapena zehaztean, herritarrek batez beste 5,7 puntutan kokatu dute beren burua gaur egun, eta haurtzaroan 5,6 puntutan zeudela uste dute. Gainera, bere seme-alabak ekonomikoki hobeto egongo direla uste dute, 6,1 puntutan hain zuzen ere. Horren ildoan, % 62k uste dute eurek orain duten maila berean mantenduko dutela seme-alabek, % 24k uste dute hobera egingo dutela, eta soilik % 14k okerrera.
Politikak interesik ez dutenak, gehiengo
Bestalde, EAEko herritarren % 36k adierazi dute politikan "interes handia edo nahikoa" dutela, eta % 63k "gutxi edo batere ez". Gainera, % 15 alderdi politikoren batetik oso edo nahikoa hurbil sentitzen dira, eta % 18, berriz, apur bat. Bi herenek diote ez direla oso hurbil edo batere hurbil sentitzen.
Alderdi politiko bakar batek ere ez du lortu herritarren 5etik gorako puntuazioa. EAJk lortu du puntuaziorik altuena (4,8 puntu 0tik 10erako eskalan), ondoren PSE-EE (3,9), EH Bildu (3,7) eta Elkarrekin Podemos (3,5) daude. Gutxien baloratutako alderdiak PP+Ciudadanos (1,8) eta Vox (0,7) dira.
Buruzagi politikoei dagokienez, baloraziorik altuena Iñigo Urkullu lehendakariari dagokio (5,3 0tik 10erako eskalan), eta ondoren Maddalen Iriarteri (5,0). Atzetik datoz Idoia Mendia (4,6) eta Miren Gorrotxategi (4,5) eta, azkenik, Amaia Martinez (2,3) eta Carlos Iturgaiz (2,0).
Independentziari buruzko jarrerari dagokionez, herritarren % 41 "kontra" leudeke, % 32 "alde edo kontra, egoeraren arabera", eta % 21, independentziaren alde. Soilik biztanleen % 6k ez diote galderari erantzun. Aipagarria da azken urteotan gora egin duela independentziaren kontra dagoela dioen pertsonen kopuruak, "eta litekeena da galderari erantzun ez dioten horien kontura izatea", Kabinetearen esanetan.