Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Ministerioak eta erkidegoek murrizketen azken dokumentua eztabaidatuko dute gaur

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Zirriborro berrian ostalaritzari ezarritako mugak bertan behera uztea eta gaueko aisialdia 1. eta 2. alerta mailan dauden erkidegoetan ere irekitzea proposatu du Osasun Ministerioak.

  • Osasun Ministerioak dokumentu berriak ez die taberna barrualdeei eragiten

    Osasun Ministerioak dokumentu berriak ez die taberna barrualdeei eragiten. Artxiboko argazkia: EFE

Asteazkenero bezala, Espainiako Osasun Sistema Nazionaleko Lurraldearteko Kontseiluak bilera egingo du gaur, eta gaurko hitzorduan Osasun Ministerioak prestatutako murrizketen inguruko azken dokumentua izango dute aztergai. Testu berrian ostalaritzari ezarritako mugak bertan behera uztea eta gaueko aisialdia arrisku ertainean dauden erkidegoetan ere irekitzea proposatu du Osasun Ministerioak. Horrela, Espainiako Gobernuak atzera egin du; izan ere, hainbat erkidego larunbatean Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratutako dokumentuaren aurka agertu dira. Are gehiago, Madrilgo Erkidegoak epaitegietara jo zuen, eta Auzitegi Nazionalak, behin-behinean, bertan behera utzi zituen neurri murriztaileak autonomia erkidego horretan. 

Dokumentu berriaren arabera, ostalaritzari ezarritako mugak bertan behera geratuko lirateke. Espainiako Aldizkari Ofizialak larunbatean argitaratutakoak jasotzen zuenez, 1. alertan mailan dauden erkidegoetako jatetxe eta tabernak 01:00a arte egon zitezkeen zabalik, baina gauerditik aurrera ezin zuten zerbitzatu.

Aurreko testuak jasotzen zuenez, dantzalekuak 02:00ak arte egon zitezkeen zabalik (03:00ak arte, arrisku maila txikia duten erkidegoetan), edukiera muga zehatzekin. Bigarren zirriborro horretan, berriz, 2. mailan dauden erkidegoei ere eragingo die neurriak arintzeak. Zirriborro horrek jasotzen duenez, gaueko aisialdiko establezimenduak zabaldu ahalko dira 1. eta 2. alerta mailan dauden erkidegoetan ere.

Dena dela, dokumentu horren azken ahapaldian honakoa erantsi dute: "Adostutako neurri horiek berraztertu eta malgutu ahalko dira pandemiaren bilakaeraren arabera".

Carolina Darias Espainiako Osasun ministroak atzo adierazi zuenez, autonomia erkidegoekin "akordio berri bat" lortzea espero du, baina "gero eta zailagoa" dela onartu du. "Ni adostasuna bilatzen saiatzen ari naiz, eta ez dut esango ezinezkoa denik, baina gero eta zailagoa da", gaineratu du.

Dariasek berak jakitera eman duenez, aste honetan hainbat autonomia erkidegotako osasun alorreko agintariekin harremanetan egon da "topagune bat bilatzeko".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.