Gizartea
KORONABIRUSA
Oporlekuan txertoa jartzeko aukera datorren astean eztabaidatuko dute
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Oporretan dauden herritarrei txertoa beste erkidego batean jartzeko aukera ahalbidetzeko proposamena datorren astean aurkeztuko du Osasun Publikorako Batzordeak.
-
Txertoa oporlekuan hartzeko aukera hizpide. Artxiboko irudia: EFE
Osasun Publikorako Batzordeak datorren astean bidaliko die autonomia erkidegoei herritarrek txertoa oporretan dauden lurraldean hartzea ahalbidetuko duen proposamena. Gaurko bileran aztertu behar zuten gaia, baina eztabaida astebetez atzeratzea erabaki dute, EFE agentziak zabaldu duenez.
Aurrez, Juanma Moreno eta Miguel Angel Revilla (Andaluziako eta Kantabriako presidenteak, hurrenez hurren) uda honetan bisitariei oporlekuan txertoa jarzeko aukera ematearen alde agertu dira.
Halaber, Fernando Simón Espainiako Osasun Alerta eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroko zuzendariak ere posible ikusten du bigarren dosia beste autonomia-erkidego batean jartzea oporretan egonez gero. Hala, osasun dokumentazioarekin bidaiatzea gomendatu du, aldez aurreko txertaketaren datuak eskuratu ahal izateko.
Hala ere, erkidego guztiak (EAE, kasurako) ez datoz bat aukera horrekin. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan ia erabat baztertu du txertoa beste erkidego batean jasotzeko aukera: "Guk ez dugu aukera horren berri, eta logistikoki zaila litzateke".
Bestalde, Espainiako futbol selekzioko jokalariei txertoa jartzeko aukera ez dute aztertu, batzorde horren eskumena ez dela iritzita.
Sergio Busquets Espainiako selekzioko kapitainak Las Rozasko kontzentrazioa bertan behera utzi behar izan du koronabirusean positibo eman ostean, eta, ondorioz, ezingo du Eurokopa jokatu.
Gertakari horren ondotik, Espainiako Gobernuko Kultura eta Kirol Ministerioak Espainiako futbol selekzioko jokalari guztiei txertoa jartzea eskatu du, Tokioko Olinpiar Jokoetara joango diren kirolariekin egingo den moduan. Alabaina, Osasun Publikorako Batzordeak baztertu egin du gai hori eztabaidatzea.
Horrela, bada, gaurko bileran umeei eta gazteei zuzendutako aisialdiari buruzko erabakiak soilik hartu dituzte, eta, besteak beste, udalekuetan eta kanpamentuetan hartu beharreko prebentzio-neurriak gomendatu dituzte.