Gizartea
KORONABIRUSA
Ostalaritzari ezarritako mugak bertan behera uztea proposatu du orain Ministerioak
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Auzitegi Nazionalak Madrilgo murrizketak behin-behinean eten ostean etorri da irizpide aldaketa, "prozesua judizializatzea saihesteko".
-
Ostalaritzako lokal bat Nafarroan (artxiboko irudia). Argazkia: EFE
Espainiako Gobernuaren Osasun Ministerioak atzera egin du. Joan den astean, ostalaritza eta gaueko aisialdia arautzeko Osasun Sistema Nazionaleko Lurraldearteko Kontseiluko Osasun Publikorako Batzordeak onartutako dokumentuaren bertsio berri bat prestatu du, eta arrisku ertaina (2. alerta maila) duten erkidegoetan ere muga horiek kentzea proposatu, pandemiaren bilakaeraren arabera are gehiago molda daitezkeela nabarmenduta.
Carolina Dariasek zuzentzen duen Ministerioak egindako zirriborroaren arabera, ostalaritzari ezarritako mugak bertan behera geratuko lirateke. Espainiako Aldizkari Ofizialak larunbatean argitaratutakoak jasotzen zuenez, 1. alertan mailan zeuden erkidegoetako jatetxe eta tabernek 01:00a arte egon litezke zabalik, baina 24:00ak jotakoan ezingo dute zerbitzatu. Horrez gain, dantzalekuek 02:00ak arte egon daitezke zabalik (03:00ak arte arrisku maila txikia duten erkidegoetan), edukiera muga zehatzekin. Bigarren zirriborro horretan, berriz, 2. mailan dauden erkidegoei ere eragingo die neurriak arintzeak.
Espainiako Estatuan, bi erkidego daude 3. alerta mailan: Errioxa eta Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE).
Zirriborro horrek jasotzen duenez, "gaueko aisialdiko establezimenduak zabaldu ahalko dira lokalok 1. eta 2. alerta mailan dauden erkidegoetan".
Dena dela, dokumentu horren azken ahapaldian honakoa erantsi dute: "Adostutako neurri horiek berraztertu eta malgutu ahalko dira pandemiaren bilakaeraren arabera".
Joan den asteko Lurraldearteko Kontseiluan erabakia ez zuten aho batez hartu. Madrilek, Andaluziak, Kataluniak, Murtziak eta Galiziak murrizketen kontra bozkatu zuten, eta Gaztela eta Leon abstenitu egin zen. Jaurlaritzak ez zuen bileran parte hartu ere egin, erabakiek "eskuduntzak urratzen" zituztela iritzita.
Atzo murrizketa horiek bertan behera utzi zituen Auzitegi Nazionalak Madrilen, Madrilgo Erkidegoko Gobernuak aurkeztutako helegite bat aintzat hartuta. Horren ondotik, Fernando Simon Espainiako Osasun Ministerioko Osasun Alerta eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroko zuzendariak nabarmendu zuenez, desadostasunak judizializatu barik kontsentsua lortzea da lehentasuna: "Ministerioak adostasuna lortu nahi du eta prozesua judizializatzea saihestu; pena litzateke agintari judizialen esku uztea ez dugulako alternatiba nahikorik aurkitu".