Gizartea
KORONABIRUSA
287 kasu berri zenbatu dira EAEn, eta positibotasun tasa % 3,5era jaitsi da
EITB MEDIA
Bezperan baino 38 positibo gutxiago egon dira, eta positibotasun tasak % 0.6 egin du behera.
-
Casillako txertaketa gunea. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia
Covid-19aren transmisioaren inguruko datuek behera egiten jarraitzen dute EAEn. Ostiralean, 287 kasu berri atzeman dituzte, bezperan baino 38 gutxiago.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, ostiral honetan 8.105 proba diagnostiko egin dituzte (7.864 izan ziren bezperan), eta 287 positibo berri atzeman dituzte, aurreko egunean baino 38 gutxiago. Hala, positiboen tasak behera egin du, % 4,1etik % 3,5era.
Positibo berrietatik, 31 Araban atzeman dituzte, 86 Gipuzkoan eta 170 Bizkaian, Osasun Sailaren datuen arabera.
EAEko ospitaleetan 28 pertsona ospitaleratu dituzte ostegunean, aurreko egunean baino lau gutxiago. Gainera, zainketa intentsiboetako unitateetan (ZIU) 83 gaixo daude guztira, aurreko egunean bezala.
Eusko Jaurlaritzak ez du intzidentzia metatuaren inguruko daturik emango astelehenera arte, baina, ostegunean, 100.000 biztanleko 204,5 kasu zeuden EAEn.
100.000 biztanleko intzidentzia metatuaren kasu positiboen tasari dagokionez, ostegun honetan 204,53an zegoen Euskadi osoan (bezperan, 207,75).
69 ikasgela itxita, guztizkoaren % 0,45
Osteguneko datuen arabera, 69 ikasgela itxi dituzte EAEn, bezperan baino zortzi gehiago (% 0,45), Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren datuen arabera.
Guztira 44 ikastetxek dituzte eskolak itxita, bost gehiagok.
Nafarroa
Kutsatzeek gora egin dute azken orduetan Foru Erkidegoan, eta 73 positibo berri atzemanda, Foru Gobernuak emandako datuen arabera. Azken 38 orduetako daturik txarrenak dira.