Gizartea
Ministerioaren agindua
EAEko ostalaritzak barrualdea itxi beharko luke, eta Nafarroak dantzalekuak ireki
agentziak | eitb media
Foru Erkidegoak, lehenengo alerta mailan dagoenez, gaueko aisialdia ireki ahalko luke; EAE, berriz, 3. mailan dago, eta behartuta egongo litzateke taberna eta jatetxeen barrualdeak ixtera.
-
Taberna baten barrualdea. Argazkia: EiTB
Gaueko aisialdiari eta ostalaritzari ezarri beharreko neurri murriztaileak biltzen dituen agindua helarazi die arratsalde honetan Espainiako Gobernuaren Osasun Ministerioak autonomia erkidegoei, derrigorrez bete behar dutela azpimarratuta.
Hala, Nafarroako Foru Erkidegoak, lehenengo alerta mailan dagoenez, gaueko aisialdia ireki ahalko luke; EAE, berriz, 3. mailan dago, eta behartuta egongo litzateke taberna eta jatetxeen barrualdeak ixtera.
Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, Espainiako Estatuko intzidentzia tasa altuenetakoa duen heinean, establezimenduen barrualdea ixteaz gain, terrazen edukiera % 100etik % 75era jaitsi beharko luke, gaueko aisialdiak itxita jarraituko luke, eta tabernen ordutegia 00:00etatik 01:00era luzatuko litzateke.
Lurraldearteko Kontseiluak asteazkenean ostalaritzari eta gaueko aisialdiari buruz hartutako erabakiak, baina, zeresana eman du. Aurka agertu diren zenbait erkidegok "desobedientzia" aipatu dute. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen esanetan, ordea, "desobedientzia ez da lehendakariaren eta Eusko Jaurlaritzaren estiloa".
ETB1eko "Egun on Euskadi" saioan egin dioten elkarrizketan, Bingen Zupiriak esan du Eusko Jaurlaritzak beti jokatu duela "leial" pandemian eta Espainiako Gobernua izan dela osasuna "aitzakia" gisa hartuta aldebakarrez "leialtasun" hori hautsi duena.
Agindua larunbat honetan argitaratuko dute Espainiako Aldizkari Ofizialean, eta Osasun Ministerioak berretsi egin du erkidegoek derrigorrez bete beharko dutela: "Ekintzak koordinatzeko adierazpen hau erkidego guztiek bete beharko dute, bozketan eman zuten botoa zein izan zen kontuan hartu gabe".
Osasun Ministerioak Sektore Publikoaren Erregimen Juridikoaren legearen 151.2.a) artikulua aipatzen du bere jarrera justifikatzeko. Puntu horren arabera, Estatuaren eskumena da lurraldeen arteko kontseiluetan hartzen diren erabakiak koordinatzea.
Bestalde, joan den asteazkenean onartu zuen aginduan zuzenketa bat egin dute. Gaueko aisialdiari eta ostalaritzari ezarritako murrizketak Lurraldeen arteko Osasun Kontseiluak erabaki arte egongo dira indarrean, eta ez biztanleriaren % 70 txertatuta egon arte, hasiera batean ebatzi zuten moduan.
Gainerakoan, Lurralde Arteko Batzordean adostutako neurri berberak dira. Madrilen, Galiziaren, Murtziaren, Andaluziaren eta Kataluniaren aurkako botoarekin eta Gaztela eta Leonen abstentzioarekin onartutakoak, alegia. Eusko Jaurlaritzak ez zuen eztabaidan parte hartu.
Horrela, gaurtik aurrera, gaueko aisialdia ordu biak arte ireki ahal izango da, arrisku-mailatik kanpo dauden erkidegoetan edo 1. alerta-mailan, gaur egun Nafarroa dagoen mailan. Lokal horietan, barruan zein kanpoan, edariak eta elikagaiak eserita kontsumituko dira, mahai desberdinetako aulkien artean gutxienez 1,5 metroko tartea utzita.
Lurraldea 2. alerta-mailara iristen bada, erkidegoak gaueko aisialdirako lokalak irekitzeko baimena eman ahal izango du, Osasuneko semaforoan proposatzen diren murrizketekin, edukiera heren batera txikituta, alegia.
Ostalaritzari dagokionez, lurraldea arrisku-mailetatik kanpo badago, edukieraren erdia onartuko da barnealdean, eta % 10 handitu ahal izango da aireztapen-maila handia eta airearen kalitatearen kontrola bermatzen duten neurriak aplikatzen badira.
Aire zabaleko terrazetan, mahai guztiak okupatu ahal izango dira, 1,5 metroko tartea utzita, eta gehienez 6 pertsonak okupatuko dituzte barruan eta 10ek kanpoan. Barran zerbitzatu eta kontsumitu daiteke.
Gehienez ere 1:00a arte egongo dira irekita eta 24:00etan zerbitzatzeari utziko diote.
Ekitaldi jendetsuetan, osasun-semaforoan proposatutako arriskuak kontrolatzeko neurriak aplikatuko dira: maskararen derrigorrezko erabilera, eta jateko, edateko eta erretzeko debekua.
Gainera, bide publikoan edo aire zabaleko espazioetan erretzea debekatuko dute pertsonen arteko distantzia 2 metrokoa ez denean.