Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Txertoa jaso dutenek, sarrera librea Ipar Euskal Herrian ekainaren 9tik aurrera

EiTB Media

Arriskuko toki batetik ez datozen bisitariek, besteak beste, Europar Batasunetik datozenek, ez dute probarik aurkeztu beharko, Frantziako Estatuan sartzeko.

  • Jendarmeen kontrola Santiago zubian, Hendaia eta Irun artean.

    Jendarmeen kontrola Santiago zubian, Hendaia eta Irun artean. Artxiboko irudia: EiTB Media

Arriskuko toki batetik ez datozen bisitariek, besteak beste, Europar Batasunetik datozenek, ez dute koronabirus probarik aurkeztu beharko, Frantziako Estatuan sartzeko ekainaren 9tik aurrera, beti ere txerto homologaturen bat jaso dutela egiaztatzen badute. Honenbestez, dagoeneko txertoa jaso dutenek sarrera librea izango dute Lapurdin, Zuberoan eta Nafarroa Beherean. Horrela, aurrerantzean mugako bi aldeen arteko mugikortasuna errazago izango dute immunizatuek.

Datorren astetik aurrera indarrean izango diren baldintzen berri eman du Pariseko Gobernuak. Estatu bakoitzari emaniko kolorearen arabera –berdea, horia edo gorria-, baldintzak aldatuko dira.

Berdean dauden estatuentzat, horien artean Espainiarentzat, covid-19aren aurkako txertorik jaso ez badu soilik azken 72 orduetako PCR ala antigeno proba negatiboa aurkeztu beharko du bidaiariak. Hori bai, txertoa Europako Sendagai Agentziaren bermea izan behar du.

Laranjan dauden herrialdeen kasuan (Erresuma Batua edo AEB), bisitariek probak aurkeztu beharko dituzte, nahiz txertoa jaso. Era berean, txertoa jaso ez duten pertsonak bidaia egiteko arrazoi zerrenda bat aurkeztu behar dute, eta zazpi egunetan zehar isolatu.

Zonalde gorrietatik, Indiatik esaterako, heltzen direnek baldintza are zorrotzagoak bete beharko dituzte. Horrela, zaintzapeko eta derrigorrezko 10 eguneko koarentena egin beharko dute txertoa jaso ez dutenek.

Frantziako Gobernuak alerta maila areagotu du toki batzuetan, intzidentzia tasa kontuan hartuz, eta birusaren aldaerak agertu ondoren. Pandemia kontrolpean dutela ematen du. Hala ere, ia 5,7 milioi covid-19 kasu eta 83 400 hildako baino gehiago baieztatu ditu Osasun Ministerioak.