Gizartea
Costumero auzia
Aldundiak ofizioz jardun zuela dio, Costumero auziaren "garrantzia" tarteko
EITB Media
Ekainaren 7an, Bizkaiko Foru Aldundiko hiru goi kargudun epailearen aurrean jarriko dira Irune Costumerori bost urteko alabaren zaintza kentzeko foru legea sinatzeagatik.
-
Bizkaiko Foru Aldundiaren jauregia. Argazkia: Gonzalo Elorza
Costumero auzian parte hartu zuen talde psikosozialak adierazi du ofizioz jardun zuela, "kasuaren garrantzia tarteko", "Bizkaiko Foru Aldundiaren Haurren Zerbitzuaren esku hartzea beharrezkoa" zela ondorioztatuta.
Auzitegiko forentseek 2017an egin zuten kasuaren balorazioa, Barakaldoko Gizarte Zerbitzuek Costumero auzia Bizkaiko Foru Aldundiaren Haurren Zerbitzuaren ardurapean utzi eta gero, "babesgabetasun arrisku larria" eta "tratu txar emozionala eta gurasoen arteko gatazken instrumentazio zantzuak" ikusita.
Aldundiak adin txikikoaren aldi baterako zaintza bere gain hartu zuen orduan, foru lege bat sinatuta, haurrari "berehalako arreta" emateko. Hala, umea aitarekin egotea erabaki zuten eta amari bisita erregimena ezarri zioten.
Aldundiaren ibilbidea Costumero kasuan
2017ko otsailean, Aldundiak haurraren balorazio prozesuari ekin zion, umeak berak eta gurasoek —zaintza partekatua zuten ordura arte— Familiei Laguntzeko Zerbitzuko programa batean izena eman behar zutela ebatziz, egoera sakon aztertzeko, eta "aita-alaben arteko harremana konpontzeko erraztasunak" emateko.
Apirilean, amak bisita erregimena betetzen ez zuela ikusita, aitak erreklamazioa egin zuen epaitegietan, zaintza neurriak aldatzeko.
2017ko uztailean, Haurren Zerbitzuak neskatoaren "arrisku egoera larria" ikusita, adin txikikoaren aldi baterako zaintza bere gain hartzea erabaki zuen, epaia atera arte. Erabakia "umeari berehalako arreta" emateko hartu zuen Aldundiaren erakundeak, aitari haurrarekin egoteko baimena emanez, "honek adin txikikoarekin duen harremana aztertzeko" eta "familiarengatik urruntzea ekarriko zuten neurriak ekiditeko". Hala, uda horretan bertan, Bizkaiko Foru Aldundiak bere gain hartu zuen haurraren aldi baterako zaintza.
Auzia koordinatzen zuen taldearen idatzian oinarritu zuten epaia, eta txosten horrek haurrari buruzko hainbat balioztapen biltzen zituen; besteak beste, Barakaldoko Topaketa Gunearen balorazioa, Osakidetzaren txosten psikologiko bat, Ezkerraldeko Haur eta Gazteen Psikiatria Zentroko idatzi bat eta eskolako beste bat, 2017ko martxoan umearen eskola absentismoa % 70ekoa zela berresten zuena.
Haurren Zerbitzuko profesionalen ebazpenak, beraz, aldaketa esanguratsua eragin zuen gurasoen eta haurren arteko harremanetan; izan ere, aitari adin txikikoaren zaintza eman eta amari bisita erregimena ezarri zioten, foru lege bidez. Aldundiaren arabera, alabak 2017ko irailean berreskuratu zuen harremana amarekin, telefonoz lehenengo eta gainbegiratutako bisitekin gero.
Ordutik gaur egunera arte, gurasoek eta alabak familiei laguntzeko planetan parte hartzen jarraitu dute, eta Haurren Zerbitzuko koordinatzaileen artean egin dute kasuaren jarraipena.
2021eko ekainaren 4an, Lehen Auzialdiko 6. Epaitegiak (Haurren auzitegia) aitari eman zion adin txikikoaren kustodia, aitaren eta amaren guraso-ahala mantenduz eta amari bisita erregimena ezarriz. Fiskaltza ere aitaren zaintzaren alde agertu zen.
Epaiak aurretik sinatutako foru legea baliogabetzen du, baita alabak aitarekin egon behar duela berretsi ere. Hala ere, haurrak amarekin bisitak izaten jarraitu behar duela ebatzi zuen epaileak.
Bizkaiko Aldundiaren kontrako epaiketa
Ekainaren 7an hasiko da Bizkaiko Auzitegian, Sergio Murillo gaur egun Bizkaiko Gizarte Ekintzako diputatuaren eta bere saileko beste hiru funtzionarioren kontrako epaiketa, Irune Costumerori bere bost urteko alabaren zaintza kentzeko foru agindua sinatzeagatik, umea "aitaren kontra manipulatu" egiten zuela argudiatuta.
"Gurasoak eragindako alienazio sindromea" egotzi zioten, nazioarteko inongo erakunde mediku edo psikiatrikok onartzen ez duen gezurrezko patologia bat, baina prozesu judizialetan aplikatzen dena, askotan amei haurrak kentzeko, aita ikusi nahi ez duten umeek sindrome hori dutela argudiatuz. 2017an banandu zuten umea amagandik, eta etengabe saiatu den arren, kasua orain arte ez da epaitegietara iritsi. Orduz geroztik, aitarekin bizi da haurra.
Ekainaren 7tik 9ra egingo den epaiketan, bost urte eta sei hilabeteko kartzela zigorrak eskatzen dituzte akusatuentzat.