Gizartea
KORONABIRUSA
Dariasek neurri murriztaileak betetzera behartuko ditu autonomia erkidegoak
N. B. | EITB MEDIA
Osasun ministroak ohartarazi duenez, Lurraldearteko Kontseiluak murrizketen inguruan hartutako erabakia "nahitaez bete beharrekoa" da, "alderdien arteko lehia" gorabehera.
-
Carolina Darias Espainiako Osasun ministroa. Artxiboko argazkia: EFE.
Carolina Darias Osasun ministroak ostiral honetan ohartarazi duenez, Espainiako Osasun Sistema Nazionaleko Lurraldearteko Kontseiluak hartutako erabakia "nahitaez bete beharrekoa" da, eta betearaziko dutela esan du, nahiz eta "alderdien arteko lehia" izan.
Iñigo Urkullu lehendakariak, hala ere, ostegun honetan iragarri du Euskadik "bere ibilbide orria" jarraituko duela pandemiari aurre egiteko, Lurraldearteko Kontseiluan hartutako erabakien "erabateko nahasmena" dela eta, bere ustez, erkidegoen eskumenak urratzen baitituzte.
Hala adierazi du Dariasek Ser irrati katean egindako elkarrizketa batean, murrizketen planak sortutako ezinegonari buruz galdetu diotenean, eta, bereziki, gaueko aisialdiaz aritu da, aste honetan onartu baitituzte organo horretan murrizketak, adostasunik gabe eta hainbat autonomia erkidegoren aurkako iritziarekin.
"Lurraldearteko Kontseiluaren akordioak nahitaez bete beharrekoak dira, eta erkidegoek betetzen ez badituzte, betearazi egin beharko ditugu", azpimarratu du ministroak.
Agindua gaur bertan sinatuko dutela eta ondoren Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dutela esan du. "Hortik aurrera, aztertu beharreko neurriak aztertuko ditugu", esan du Dariasek, eta datuak sendotzeko eta hobetzeko osasun neurriak direla adierazi du.
Helburua intzidentzia metatua 50 kasura jaistea dela esan ostean, birusaren aurka borrokatzen jarraitu behar dela azpimarratu du ministroak, "daukagun etsai bakarra delako, ez daukagu besterik", gaineratu du.
Horren esanetan, datuak hobetu diren arren, "ezin gara fidatu", eta adostutakoa bezalako esparru komun bat beharrezkoa dela gaineratu du. "Osasun neurrietan ez da onargarria izaten ari den lehia alderdikoia", deitoratu du.