Itxi

Gizartea

Lan-baldintzak

Auzitegi Gorenak sindikatua izateko eskubidea aitortu die sexu-langileei

EITB Media | Agentziak

Ebazpenean agertzen denez, sexu-langileen sindikatuaren estatutuek ez dituzte soldatapeko langileak barne hartzen.

  • Sexu langileen manifestazioa. Argazkia: OTRAS

    Sexu langileen manifestazioa. Argazkia: OTRAS

Auzitegi Gorenak sindikatua izateko oinarrizko eskubidea aitortu die sexu-langileei, baina zehaztu du euren kontura lan egiten dutenei soilik eragiten diela, sektore horretan soldatapean edo beste norbaitentzat lan egitea legez kanpokoa baita Espainiako Estatuan.

Auzitegi Gorenak ostegun honetan egin du publiko ebazpen osoa, OTRAS sexu-langileen sindikatuak aurkeztutako kasazio helegiteari erantzuten diona. Izan ere, Auzitegi Nazionalak sindikatua desegiteko agindua eman zuen, eta langileek helegitea aurkeztu zuten.

Auzitegi Gorenaren testuan agertzen denez, OTRAS sindikatuaren estatutuetan "legearen barruan" dauden sexu-langile guztiak barne hartzen dituzte, hau da, "prostituzioa kanpoan utzita".

"Prostituzioa euren kontura egiten dutenak gure ordenamendu juridikoan sartzen badituzte, OTRAS sindikatuak pertsona horiek ere har ditzake", ebazpenean jaso dutenez. Gainera, auzitegi horren arabera, "uneren batean legegileak ebazten badu prostituzioa beste norbaiten soldatapean egin daitekeela, ez dira sindikatuaren estutuak aldatu beharko elkarteak jarduera hori egiten dutenak babesteko".

Auzitegi Nazionalaren "interpretazio murriztailea"

Gorenak uste du Auzitegi Nazionalak estatutuen interpretazio "murriztailea" egin duela. Izan ere, ebazpenean iradokitzen da OTRASen estatutuetan "Zuzenbidearen aurkako jarduera egiten duten pertsonak hartzen dituela elkarteak", eta, horregatik, "legez kanporatu" beharra zegoela.

Hala eta guztiz ere, Auzitegi Gorenak uste du sexu-langileen sindikatuak legea errespetatzen duela, eta barne hartzen dituen langileek "askatasun sindikalerako oinarrizko eskubidea" dutela.

"Zuzenbidearen aurkako prostituzioak ez du lekurik estatutuen eremu funtzionalean", gaineratu du, eta hori "errekurtsogileak berak onartzen du" eta "onartzen du ez dagoela baliozko lan-harremanik kasu horietan, eta, beraz, ezin dela lan-kontratu baten bidez babestu".