Gizartea
Aisia
Bilboko Konpartsak aurtengo udarako kultur programazio herrikoa prestatzen ari da
EITB Media | Agentziak
Mendi martxa batek, San Juan bezperako ekintzek eta abuztuko azken asteko ekitaldiek, bestak beste, osatuko dute udako programazio berezia.
-
Txori Barrote konpartsaren txosna. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia
Bilboko Konpartsak ekitaldi kulturalen programazio herrikoa prestatzen ari da, Bizkaiko hiriburuak "irribarrea berreskuratu" dezan, covid-19aren ondorioz Aste Nagusia bertan behera geratu ostean.
Hala, jaiak ordezkatzeko, konpartsek hainbat ekimen eramango dituzte aurrera: ekainaren 12an "Gora Txosnagane!" izeneko mendi martxa egingo dute, 23an San Juan bezperako ekitaldiak egongo dira eta abuztuko azken astean Bilbo "kulturaz eta sorpresaz" blaituko dela aurreratu dute.
Bilboko konpartsek lanean jarraitzen dute datorren urtean Mari Jaiak hiriko kaleak berriz zapaltzeko, baita aurtengo covid-19aren ondorioz sufritutako "samina"ren eta "nekearen" ostean Bilbok irribarrea berreskuratzeko ere.
Irria aurretik, Aste Nagusia bertan behera utzi arren
— Bilboko Konpartsak (@konpartsak) June 3, 2021
La sonrisa por delante, pese a la suspensión de Aste Nagusiahttps://t.co/PyOHazmRDU#BilbokoKonpartsak #GoraJaiHerrikoiak #JaiakBultzatuz pic.twitter.com/h8MqFP8Ag4
Ohar batean, Bilboko Udalaren jarrera salatu dute, konpartsen lana "isilarazi" duelakoan. Izan ere, Aste Nagusia bertan behera gelditzen zela zioen oharra publikatu aurretik "bideo-spoiler" bat argitaratu izana aurpegiratzen diote konpartsek Udalari.
2020an bezala, Bilboko Jai Batzordeak jairik ez ospatzea erabaki du aurten. Abuztuaren 21a eta 29a bitartean ospatu behar ziren aurtengoak, baina covid-19aren intzidentzia altua dela-eta bertan behera uztea erabaki dute.