Itxi

Gizartea

kirola pandemia garaian

Euskadiko herritarren % 29k pandemia aurretik baino kirol gehiago egiten du orain

olatz prat | eitb media

Kirol gehiago egiten dute herritarrek, batez ere aire librean eta bakarrik edo familian; behera egin dute instalakuntza itxietan eta modu antolatuan egiten diren jarduerek, kalte ekonomikoak ekarriz.

  • Kirola egiten pandemia garaian.

    Kirola egiten pandemia garaian. Argazkia: EFE

Kirol gehiago egitera bultzatu ditu pandemiak herritarrak, hala herritarren % 29k dio pandemiaz aurretik egiten zuena baino kirol gehiago egiten duela orain; hori ba, herritarren % 21arentzat aldatu egin da kirola egiteko modua, izan ere kirol instalakuntza itxietako eta taldekako jarduerak egiten dituzten pertsonak gutxiago dira orain, eta jendeak, batez ere, aire librean, eta bakarrik edo familian egiten du orain kirola.

Horiek dira gaur Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiriak eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendari Jon Redondok eskainitako datuak, gaur Bilbon egin den Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak eginiko "Jarduera Fisikoa eta kirola pandemia garaian" ikerketaren ondorioen aurkezpenean esanak. Azterketa egiteko 18 urtez gorako Euskal Autonomia Erkidegoko 1.000 laguni egin zaie inkesta telefonoz apirilaren 13tik 15era bitartean.

Euskadin, kirolarekiko interesa handia da: kirola bere osotasunean hartuta, herritarren % 77k adierazi dute kirolarekiko interes handia edo nahikoa dutela. Covid-19 pandemiaren ondoren, gainera, handitu egin da biztanleriaren zati batek ariketa fisikoari edo jarduera fisikoari ematen dion garrantzia; hala, % 31k diote gaur egun jarduera fisikoari garrantzi handiagoa ematen diotela pandemiaren aurretik baino. Alafede, galdekatuen % 29k dio lehen baino ariketa gehiago egiten duela, % 54k lehen zituen kirol ohiturei eutsi dietela eta % 16k uste du lehen baino kirol gutxiago egiten duela.

Halere, soilik herritarren % 41k egiten du, bere denbora librean, nahiko lukeen adina jarduera fisiko. Erdia baino zertxobait gehiagok (% 54) bizimodu nahiko edo oso aktiboa duela uste du eta % 41ek ez darama bizitza oso edo batere aktiboa. Zehazki, herritarren % 66k egiten du kirolen bat.

Adineka, adinez nagusiago direnak dira kirola egiten erregularrenak, eta kirola egiten duten 65 urtetik gorako pertsonen gehiengoak egunero egiten du kirola (% 53), eta intentsitate ertainekoa, oro har, (% 79); ostera, gazteek egun gutxiagotan egiten dute kirola, baina intentsitate altuagoz. Kirola egiten dutenek astean  bataz beste 8,3 orduz egite dute (8,7 ordu gizonek eta 7,8 emakumeek).

Egiten diren kirolen artean nagusi da alde handiz, "ibiltzea" (% 46). Ondoren dago "mendian ibiltzea" (% 25), "txirrindularitza edo mountain bike-a" (% 24) eta "gimnasioko jarduera fisikoa" (% 23). Horien atzetik leudeke "igeriketa" (% 14) eta "korrika" (% 12). Maila baxuagoan "muskulazioa, kulturismoa, halterofilia" (% 7).

Adin txikikoak eta kirola

Adin txikikoen kirol jardueraz galdetuta, gurasoen iritziz, 4-16 urteko seme-alaben jarduera fisikoa murriztu egin da: % 78k uste dute beren seme-alabek bizitza aktiboa edo oso aktiboa zeramatela pandemiaren aurretik, eta pandemia garaian % 58ra jaisten da hori bera uste dutenen portzentajea. Kontuan izan behar da eskola-kiroleko programetan eragin handia izan dutela koronabirusaren transmisioa prebenitzeko murrizketek, eta zenbait hilabetez etenda ere egon zirela iaz.

Gurasoen % 49k urtebete barru beren seme-alabek eskola-ordutegitik kanpo orain baino jarduera fisiko eta kirol-jarduera gehiago egitea espero dute, baina % 46k uste dute orain baino gutxiago egingo dutela.

Abonu gutxiago kirol instalazioetan

Pandemiak eragin handia izan du kirol-ekosisteman, batez ere kirol-instalazioetan, klubetan eta federazioetan. Datuek erakusten dutenez, kirol instalazioetan edo gimnasio publikoetan abonatutako pertsonen ehunekoak behera egin du 2017ko % 39tik egungo % 29ra; gauza bera gertatzen da kirol klubetan (% 15, 2017ko % 24aren aldean). Gutxiago jaitsi da erabilera pribatuko esparruetan abonatutakoen ehunekoa (% 13tik % 12ra), eta federazio-lizentzia dutenen kopurua  2017ko % 16tik % 12ra jaitsi da.

Gaia erakundeak Kirolaren Euskal Eskolarako 2020an eginiko azterketaren arabera, pandemiak eragin handia izan du Euskadiko kirol ekosistemak sortzen dituen lanpostuetan. Sektore askotan, bi langiletik batek pandemiaren eragina pairatu du. Eragina bortitzagoa izan da, gainera, lan-profil zaurgarrienetan: aldi baterako kontratuak, autonomoak, etab. Eragina ekosistema ia osoan izan bada ere, kirol zerbitzuetako enpresek eta klubek eragin esanguratsua pairatu dute, lanpostu ugari galdu baitira eta aurre egin ezinezko galera ekonomikoak ekarri baitizkie pandemiak.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak laguntzak abiarazi zituen joan den martxoan, hain zuzen ere, covid-19ak kirol arloan eragindako kalteak arintzeko. Guztira, 118 kirol-instalazio edo gimnasio lagunduko dituzte, eta, batez beste, 4.067 euroko laguntza jasoko dute. Gainera, klubek egindako beste 88 eskaerek ere, batez beste, 3.802 euroko laguntzak jasoko dituzte pandemiaren ondorioak arintzeko.