Itxi

Gizartea

Elkarrizketa

Costumero: "Alaba eusten ari da, epaile batek nahikoa sufritu duela erabaki arte"

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Gaur hasi da Bizkaiko Lurralde Auzitegian Aldundiko hiru goi kargudun eta gizarte langile baten aurkako epaiketa GAS sasi-sindromea baliatuz ama bizkaitar honi alaba kentzeagatik. Harekin izan gara.

  • Irune Costumero.

    Irune Costumero. Argazkia: EFE

Gaur, astelehenarekin, epaiketa du Irune Costumero ama bizkaitarrak Bizkaiko Lurralde Auzitegian. Akusatuen aulkian Bizkaiko Foru Aldundiko hiru goi kargudun, tartean gaur egun Sergio Murillo Gizarte Ekintzako foru diputatua dena, eta gizarte langile bat jesarriko dira. Prebarikazioa, adingabe bati tratu txarrak ematea eta alabari zein amari min psikikoa eragitearen delituak egotzi dizkiete lauei, 2017ko abuztuan Costumerori alabaren zaintza kentzeagatik, eta hori egiteko debekatuta dagoen eta existitzen ez den Guraso Alienazio Sindromea (GAS) baliatzeagatik. Akusazioak bost urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra eta kargu publikoan aritzeko 15 urteko inhabilitazioa eskatu ditu.

Goizean goiz egin dugu zita berarekin, eta eguna elkarrizketez josia duela esan digu, bata bestearen atzetik. Epaiketaren atarian, "urduri, zentzu batean, nekatuta, baina, era berean, oso indartsu eta oso gogotsu" sentitzen dela aitortu digu. Lau urte dira orain epaituko duten auzia Bizkaiko Lurralde Auzitegian salatu zuela, baina guztira zazpi igaro dira amesgaiztoa hasi zuenetik. Denbora honetan guztian "oso bakarrik" egon dela esan digu: "Pena handiz esaten dut. Euskal Herrian ez dut babesik topatu. Oso gai ezezaguna izateaz aparte, Aldundia botere izugarria duen erakunde bat da. Hasieran, atez ate joaten nintzen laguntza eske, eta jaso nuen bakarra izan zen: 'Ai ama, zer egin duzu? Zelan okurritu zaizu Aldundia salatzea?'. Nik beti erantzuten nuen berdina: 'Niri dena kendu didate, nik dena galdu dut, ez dut ezer ere gehiago galtzeko'".

Berea bezalako ehunka kasu daudela esan digu, baina inork ez duela Aldundia salatzen. Ahoan bilorik gabe mintzatu zaigu, gordin. Zigor Kodearen artikuluak buruz aipatzen ditu, eta une oro zurrunbilo juridiko eta emozional honetan adingabe bat, gaur egun bederatzi urte dituen alaba, erdigunean dagoela segundo bakar batean ahaztu gabe. Alabaz galdetu diogu, astean birritan eta bi astebururik behin ikusten duen alabaz. "Txarto dago, jendeari ez zaio iruditzen burua gorputzari pegatuta duelako, baina forentseak egindako txostenetan dio min psikikoa dagoela. Eusten ari da, ez duelako beste erremediorik. Nirekin dagoenean aprobetxatzen du, oso ondo dago, pilak kargatzen ditu benetan maitasuna dagoela ikusten duelako, eta aitarekin dagoenean, aguantatzen ari da. Epaile batek esan arte: 'Uste dugu nahikoa sufritu duzula, bada garaia pozik egoteko, zure amatxorekin'. Momentuz, egun hori ez da ailegatu", kontatu digu.

Baina egin dezagun atzera. Noiz hasi zen hau guztia? Zer gertatu da azken urteotan ama bizkaitar batek Bizkaiko Foru Aldundia auzitara eramateko? Irune Costumeroren alaba 2012an jaio zen; handik urtebetera amak aita salatu zuen indarkeria matxistagatik, baina epaitegiek auzia artxibatu zuten. Umeak urtebete pasatxo zuenean banatu zen bikotea. "Bederatzi urte ditu alabak, eta, egia esan, txiki-txikitatik ez du bizitza onik izan, zoritxarrez. 22 hilabeterekin, aitak eta aitaren gurasoek bahitu egin zuten, eta bi hilabete egon nintzen bizirik edo nola zegoen jakin barik. Ordurako banatuta geunden bikotekidea eta biok, baina aurretiko neurririk gabe. Horregatik epaitegian ez zen bahiketa moduan sartu, hor dago legearen zirrikitu bat… Eta aita zenez, eta denez, nahi zuena egin ahal zuen. Hor hasi zen amesgaiztoa", azaldu digu. 2014. urtea zen. Epaiketa izan zen aitaren kontra, eta epaileak, "emakumezko epaile misogino batek", zaintza partekatua ezarri zuen, astebetekoa.

Une horretatik aurrera, "aitak eskatuta", Familia Topagunearen Zerbitzuaren bitartez kudeatu zituzten zaintza aldaketak. Topagunea Bizkaiko Foru Aldundiak duen zerbitzu bat da (Aldundiaren eskumena da, baina enpresa bati esleituta dago kudeaketa). Umeen eta gurasoen arteko bisitak edo bilerak gizarte langile eta terapeuten zaintzapean egiten dira. Besteak beste, indarkeria matxistako kasuetan, umea harrera familia bati emanda dagoenean edo gurasoen banaketa gatazkatsuetan jartzen da martxan.

Handik gutxira igarri zuen Costumerok alaba ez zegoela ondo: "Umeak aitarekin joan behar zuen bakoitzean, besoetatik kendu behar izaten zidaten ez zuelako joan nahi. Hor hasi zen beste amesgaizto larria, Topaguneko langile eta psikologoak txostenetan ipintzen hasi zirelako mota guztietako berbak: gurasoen esku-hartzea, gurasoen arteko gatazka... eta azkenean hori zer da? Bada, Guraso Alienazio Sindromea (GAS) izen faltsuekin".

Zer da GAS sindromea?

Guraso Alienazio Sindromea (GAS) Richard Gardner psikiatra estatubatuarrak aipatu zuen lehen aldiz, 1985ean. Gadnerren arabera, banaketa kasuetan, gurasoetako batek —kasuen % 90ean baino gehiagotan, amek— seme-alabak manipulatu eta alienatzen dituzte beste gurasoaren kontra —ia beti aitaren kontra— jartzeko. Halakoetan, adingabearen zaintza osoa aitari ematea proposatu zuen, amarekin zuen komunikazio oro etenda. Gainera, amak eta seme-alabek "mehatxuaren terapia" jarraitu behar zuten "osatzeko".

GAS delako horri sindrome edo gaixotasun izena jarri zion Gadnerrek, baina ez du inoiz Munduko Osasun Erakundearen aitortza izan, eta ez dute sekula Europako zein AEBko gaixotasun ofizialen zerrendan sartu. 2004ko abenduan, epai judizialetan gaixotasun faltsu hori ez erabiltzeko eskatu zuen Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak Genero Indarkeriaren aurrean babesteko Legearen gida praktikoan. 2010ean heldu zen Neuropsikiatriako Espainiako Elkartearen arbuioa. Espainiako Kongresuak berriki onartu duen Adingabeak Indarkeriaren aurrean Babesteko Legeak espresuki debekatzen du GAS sasi-sindromea epaietan erabiltzea.

GAS sasi-sindrome hori batean eta bestean errefusatu bada ere, zabal erabili da Espainiako Estatuan emandako epaietan, Botere Judizialak berak onartzen duen bezala. Irune Costumeroren kasua da horietako bat: "Haurra kendu zidatenean GAS sindromeari egotzi zioten, eta horrela, hitz horiekin jaso zuten txostenean. Beti esaten didate hitz horiek urrea balio dutela, normalean beste berba batzuekin jasotzen delako".

Ama bizkaitar horren esanetan, "GAS existitzen ez den sindrome hori emakumeon eta umeen kontrako tratu txarrak eta abusu sexualak betikotzen dituen konstruktu legala da".

Halako egun batean, aitak jo egin zuela kontatu zion alabak Costumerori Topagunean, bertako langileak aurrean zirela. Ubelduak zituen hanketan. Hiru urte zituen. "Topagunetik Gurutzetako Ospitalera joan ginen. Alabak gertatutakoa kontatu zion guardiako pediatrari, eta horrek tratu txarren protokoloa zabaldu zuen —guztira, Costumeroren alabarekin hiru aldiz zabaldu du Osakidetzak protokoloa— eta guardiako forentseari deitu zion. Hari itxaroten orduak eman ostean, alabak horri ere kontatu zion. Forentseak guardiako epaileari hots egin zion, eta epaile horrek esan zuen: 'Zauriak ez dira horren larriak, joan dadila aitarekin'. Orduan aitari deitu behar izan nion, Topagunea itxita zegoelako, eta ospitalera etortzeko eskatu. Alabak aita ikusi zuenean, koala baten moduan oratu zitzaidan, aitak atzeko partetik tiratu eta askatu zuen arte. Atera kontuak zelako panorama egon zen pediatrak bota zidala: 'Borrokatu zure alabaren alde'". 

Alaba adingabea zenez, aldez aurretik eratutako froga ezarri zuten epaitegian. Adin txikikoen birbiktimizazioa saihesteko tresna bat da, non umeak behin bakarrik deklaratzen duen, eta hori froga gisa erabiltzen den auzi osoan. "Alabari aldez aurretik eratutakoa froga ezarri zioten, bai, baina epaitegira heldu zenerako alabarentzat deklaratzen zuen laugarren aldia zen eta hori ikaragarria da. Epailearen aurrean deklaratu zuen horretan alabak oso argi esan zuen, eta hiru urte baino ez zituen: 'Aitak jo egiten nau, aitak egin dit hau, aitak esaten du amari buruz hau eta bestea. Nik ez dut nahi berarekin bizi, nik amatxorekin nahi dut'". Aitaren abokatuak behin eta berriz eskatu zion epaileari galdetzeko ea beste inork zerbait esan ote zion, eta psikologoak itaundu egin zion. Alabak erantzun zion medikuarekin eta nirekin hitz egin zuela. Hori entzundakoan, epaileak nahikoa entzun zuela esan, eta grabazioa amaitzeko agindu zuen. Handik astebetera, aitak epaiketa eduki zuen, eta beste epaile batek oso galdera sinpleak egin zizkion: 'Jo duzu inoiz alaba? Egun horretan jo zenuen alaba? Harreman ona al duzu emazte ohiarekin? Umeak fantasia asko du?'. Auzia egun batean itxi zuen epaileak, eta hori oso arraroa da, normalean hilabete bat gutxienez behar dituztelako ebazpenak emateko. Nire abokatuari honakoa esan zion: 'Ume bati ez diote kasurik egingo'".

"Horma epaitegietan dago"

Costumeroren esanetan, "Osakidetzak oso ondo funtzionatzen du. Hirutan zabaldu du tratu txarren inguruko protokoloa, eta forentseari deituta, etorri egiten da. Horma epaitegietan dago. Epaitegietan genero ikuspegia behar da, zeren legeak baditugu. Egin behar dena da epaile misogino horiek euren teoriak ez sartzeko zirrikiturik ez uztea. Umea ausartzen denean sufritzen ari dena esaten, eta zu zeu ausartzen zarenean sufrimendu hori mahai gainean jartzen, patriarkatua zure gainera erortzen da bete-betean. Une guztietan ama da erruduna, ume horri oroimen faltsuak buruan sartzen dizkiona… eta umeak dira hutsaren hurrengoa, ez dute hitzik".

"Jendeak oraindik pentsatzen du epaitegietan amen edo emakumeon alde egiten dutela, baina guztiz kontrakoa geratzen da. Ume hauek oso ausartak dira, eta behin eta berriro salatzen dute, behin eta berriro. Birbiktimizazio itzel eta krudel batekin behin eta berriro kontatu behar dute euren bizitza, sufritzen ari direna. Psikologoek eta psikiatrek euren txostenetan jasotzen dute dena, helduen hitzez, eta orduan heltzen da patriarkatuaren kolpe hori: 'Ez, hori ez da egia, zuk ama moduan eta zure bizipenengatik, ez duzu onartzen aita zoriontsu izatea eta bere bizitza izorratu nahi duzu, eta horregatik zaude bizipen faltsu horiek umearen buruan sartzen, aitaren kontrako iritziak sartzen'. Eta honen aurrean nire galdera da: benetan uste duzue posible dela ama batek horrenbesteko boterea izatea ume bati gauza hauek ('kaka egin aldean, txiza egin aldean, orain egin ezazu botaka') eginarazteko? Ezinezkoa da, zeren hitzak botatzea gauza bat da, baina gorputzean erreakzioak sortzea beste bat. Hor atzean dagoena da beldur ikaragarria, hor dago somatizazioa, hor dago gorputzak aguantatu ezin duen sintomatologia bat, eta, azkenean, ume hauek aldean egiten dute txiza, kaka...".

Haurraren egoera ikusita, aitari egokitzen zitzaionean alaba Topagunean ez uztea erabaki zuen hainbatetan Costumerok, eta aitak salaketak jarri zituen amaren kontra zaintza partekatua ez betetzeagatik —gerora Bizkaiko Lurralde Auzitegiak arrazoia eman dio amari, desobeditu ez zuela ebatzita, eta aitari prozesuaren kostuak ordainarazita—. Epaitegiak Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte Zerbitzuetara bideratu zuen kasua azkenean, horrek balorazio bat egin zezan.

Foru Aldundiak esku hartu zuenekoa

Halakoetan, adingabe bat babesgabe dagoen susmoa dagoenean eta hura babesteko helburuarekin, Eusko Jaurlaritzaren Balora tresna aplikatu behar da (nahitaezkoa da). Balora tresnak zenbait irizpide zehazten ditu gizarte zerbitzuek babesgabezia egoeraren larritasuna neurtzeko, eta horren araberako neurriak hartzeko. Tresna horren kontra gogor mintzatu da Costumero: "Babesgabe dauden umeen egoeren barruan eta tratu txar psikikoen barruan badago item bat 'instrumentalizazioa' deitzen dena, eta hori oinarri hartuta 'arrankamenduak' egiten dituzte. Gurasoen Alienazio Sindromea Baloran sartuta badago, ez dira umea babesten ari. Hor dago tranpa, tranpa mortala". 

Tresna aplikatu ostean etorri zen Costumerok gorputzean eta buruan iltzatuta duen data: 2017ko abuztuaren 4a. Bizkaiko Foru Aldundiak esku hartu zuen, eta foru arau bidez, haurra babesgabe zegoela ulertuta, umearen zaintza bere egin zuen, eta, gerora, aitari laga.

"10 pertsona, uniformedun ertzainak barne, etorri ziren umea kentzera"

Horrela kontatu digu egun hura ama honek: "Egun horretan, espero gabe, telefono dei bat jaso nuen. Bizkaiko Foru Aldundiko Haurren Zerbitzura joateko esan zidaten, zertarako zen argitu gabe. Amari eskatu nion laguntzeko, badaezpada, umea bakarrik ez geratzeko. Han egon ginen hirurak, itxaroten, hango guztiak joan ziren arte, eta, lekukorik egon ez zenean, 10 pertsona baino gehiago sartu ziren, uniformedun ertzainak barne. Irudikatu dezakezu egoera, bost urteko ume batentzat zer izan daitekeen pistola eta uniformedun ertzainez inguratuta egotea. Amak behin eta berriz esaten zuen 'lagundu, mesedez, lagundu', baina ez zuten ezer egin. Umea oso txarto jarri zen. Gizarte langileak, auzipetuta dagoenetako batek, lurretik altxatu zuen umea, eta horrela eraman zuen aitarengana. Umearen oihuak, negarrak eta berbak ('Aska nazazu. Ez eraman aitarekin. Aitak jo egiten nau') entzun bazituzten ere, eurei bost: aitarengana eraman zuten".

Data kasualitatea izan ez zela dio Costumerok. "Abuztua juridikoki hilabete baliogabea denez, babesgabe zaude. Foru Aldundiak abuztuan egiten ditu beti 'arrankamenduak', horretaz baliatzen da", salatu du. Irailean salaketa jarri zuen Bizkaiko Zigor Arloko Auzitegian Foru Aldundiaren kontra. "Foru Aldundiak ikusten badu nik ez dudala umea ondo zaintzen, adingabea babesgabe dagoela, bada kasu horretan egin beharko lukeena da abisua eman epaileari, zeren hierarkikoki, piramidean, boterea duena epailea da. Baina, nire kasuan, epailearen gainetik pasatu zen, eta berak egin zuen epailearena: umea kendu zidan", azaldu du. 

Ama honen esanetan, Bizkaiko Fiskaltzak berak irailaren 7ko data duen txosten batean jaso zuen Foru Aldundiak ez zuela eskuduntzarik zaintzak aldatzeko. "Bada begira kontua zer den, Fiskaltzaren txosten hori 'galduta' egon zela, guk urtebete geroago izan genuen horren berri", nabarmendu du.

Lau urte epaiketaren zain

Costumeroren zigor arloko salaketa hark bidea egin zuen Bizkaiko Lurralde Auzitegian: "Auzitegiak hiru inputazio auto kaleratu ditu: 2017an, lehena; 2018an, bigarrena; eta 2019an, hirugarrena. Aldundia saiatu da hau guztia geldiarazten, baina, zorionez, Auzitegia hor dago, eta 'zorionez' esaten dut zeren benetan Auzitegia oso kontzientziatuta dago GAS sasi-sindromearen kontra. Azken autoa oso gogorra da, euren kontrakoa. Baina, bien bitartean, lau urte pasatu dira. Lau urte ume baten bizitzan bizitza erdia da".

Zigor arloko bidea zabaldu zenetik, bide zibiletik Costumerok jarritako salaketa guztiak geldiarazita daude. "Zigor arloko kasuak azkarrago doaz, nire kasuan izan ezik. Lehen inputazio autoa 2017an izan zen, eta 2021ean gaude. Aldundiaren estrategia izan da epaiketa bezperan hainbat txosten sartzea, eta ezinezkoa zenez horiek guztiak egun batean aztertzea, epaiketa atzeratu egiten zen. Gurpil zoro batean sartuta egotea bezalakoa da", salatu du. 

"Gurpil zoro horretatik ateratzeko, zaintza erregimenean aldaketa eskatzeko, Kode Zibilaren 158. artikulua erabili genuen urgentziazko neurriak eskatzeko. Normalean hilabeteko epean egin beharko litzatekeen epaiketa urtebete eta bi hilabete geroago izan zen nire kasuan. Harrituta geratu ginen epaiarekin. NBEn emakumeen kontrako indarkeriari buruzko errelatore bereziak Espainiako Gobernuari nire kasuagatik kargu hartzen dion idatzia —hemen irakur daiteke— eta forentsearen txosten beldurgarria (aitari erabateko errefusa diola esaten duena, berarekin bizitzen lau urte daramatzan arren) mahai gainean izan zituen arren, aitari eman zion zaintza osoa, behin-behinean, baina osoa; niri oporren erdia eta bi asteburutik bat. Aipatu behar dut auto horretan epaileak ez duela ezer txarrik esan niri buruz, baina ez da ausartu".

Ingurumari horretan helduko da epaiketara Costumero. "Justizia espero dut. Eskatu dituzten zigor eskaera horiek ez dute konponduko alabaren sufrimendua, ezta gutxiago ere. Baina inputazio honekin aho asko isilaraztea lortu dut. Justizia espero dut, baina gehien-gehien espero dudana da behingoz alaba nirekin egotea, etxera bueltatzea".