Gizartea
INDARKERIA MATXISTA
7 urteko kartzela zigorra berretsi diote Alonso Belzari, tratu txarrak emateagatik
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Auzitegi Gorenak ez du tramitera onartu abokatu donostiarrak aurkeztutako kasazio helegitea, edukian sartu gabe. Epaia irmoa da.
Auzitegi Gorenak ez du tramitera onartu Miguel Alonso Belza abokatu donostiarrak aurkeztutako kasazio helegitea. Donostiako Zigor Arloko 2. zenbakiko Epaitegiak zazpi urteko kartzela-zigorra ezarri zion 2019an bikotekide ohiari tratu txarrak emateagatik. Epaia irmoa da eta ezin da helegiterik jarri.
EFE albiste-agentziak eskuratu ahal izan duen probidentziaren arabera, Auzitegi Gorena ez da auziaren muinean sartu.
Donostiako Zigor Arloko 2. zenbakiko Epaitegiak erabateko sinesgarritasuna eman zion emakumeak aurkeztutako salaketari. 2016an harreman sentimentalari amaiera jartzea erabaki zuen emakumeak, eta harrezkero eraso fisiko anitz jaso zituela salatu zuen biktimak.
Aurrez, Auzitegi Gorenak ere atzera bota zituen bikotekide ohiarekiko urruntze agindua urratzeagatik ezarri zizkioten zigorren aurkako helegiteak. Horietako batean, Alonso Belzari hamar hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zioten neska-lagun ohiari gutxienez sei aldiz Donostiako telefono kabina batetik deitzeagatik "frantsesez hitz egiten eta maitasun adierazpenak eginez".
Gerora, beste bederatzi hilabeteko kartzela-zigorrera kondenatu zuten bikotekide ohiarekiko urruntze agindua urratu, eta emakumea bazkide zen Donostiako kirol instalazio batera joateagatik.
2008ko sanferminetan eraildako Nagore Laffageren familiaren abokatua izateagatik da ezaguna Alonso Belza. Gainera, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako ofiziozko abokatua izan zen Donostian.