Gizartea
Koronabirusa
Nafarroako Gobernuak % 50era zabalduko du saltokien edukiera
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Araudi berria ostiral honetan sartuko da indarrean eta, besteak beste, kirol jarduerak taldean egiteko baldintzak malgutzen ditu eta aire libreko igerilekuetako edukiera zehazten du.
-
Supermerkatu bat. Artxiboko argazkia: EFE
Nafarroako Gobernuak covid-19aren pandemiari aurre egiteko neurriak arintzen jarraitzen du eta, besteak beste, saltoki handietako eta ertainetako edukiera % 50era handitzea eta kirola egiteko gehienez 15 pertsonako taldeak osatzea ahalbidetzea erabaki du.
Osasun Kontseilaritzaren araudi berria ostiral honetan sartuko da indarrean, Javier Remirez presidenteordeak jakinarazi duenez.
"Egun indarrean dauden neurriak ez dira gehiegi aldatuko, xehetasun batzuk eguneratuko ditugu pandemiaren bilakaera, ospitaleetako egoera eta txertaketaren abiadura kontutan hartuta", erantsi du Remirezek.
Horrela, bada, supermerkatuetan eta saltoki gune handietan eta ertainetan edukiera % 40tik % 50era zabalduko dute.
Kirolari dagokionez, ostiraletik aurrera 15 pertsona bildu ahalko dira taldean jarduera fisikoa egiteko, eta kopuru hori 20koa izan ahalko da, ondoko baldintzak betetzen badira: pertsona bakoitzeko 5 metro koadro badaude, mugikortasun txikiko jardueratan, edo 16 koadro badaude, mugikortasun handia eskatzen duten ekintzetan.
Halaber, eremu itxietan aireztapen naturala edo mekanikoa bermatzea ezinbestekoa izango da.
Aire librean dauden igerilekuen kasuan, lau metro koadrotan pertsona bat sartu ahalko da gehienez.
Kanpaldiei dagokienez, kanpalekuetan gehienez 60 gazte bilduko dira eta zortzi partaideko monitore bat egon beharko da.
Gurtzarako eremuetan, berriz, ez dute portzentaje zehatzik ezarriko eta pertsonen arteko 1,5 metroko segurtasun-tartea bermatzea izango da bete beharreko irizpide nagusia. Edonola ere, ezingo dira 300 lagun baino gehiago elkartu.
Bestalde, ostalaritzari eta kulturako jarduerei ezarritako ordutegiak eta edukierak bere horretan mantenduko dituzte.