Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Janssenen txertoa emango zaie 40 eta 49 urte bitarteko lagunei ere

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Orain arte, 50 urtetik gorakoek eta kolektibo zaurgarrietako pertsonek jaso dute dosi bakarreko txertoa.

  • Janssen enpresa-farmazeutikoaren egoitza.

    Janssen enpresa-farmazeutikoaren egoitza. Artxiboko argazkia: EFE

Janssenen txertoa 40 eta 49 urteko pertsonei ere ematea erabaki du astearte arratsaldean Espainiako Osasun Publikorako Batzordeak. Pfizerrena edo Modernarena ere jasoko dute.

Orain arte, dosi bakarreko txertoa 50 urtetik gorakoei eta kolektibo zaurgarrietako pertsonei zuzenduta zegoen.

Osasun Ministerioak eta erkidegoek arratsaldean egin dute bilera. 50 urtetik gorakoen txertaketa amaitu ostean hasiko dira 40 eta 49 urte bitartekoei hitzorduak ematen. Janssenen txertoaz gain, Modernaren eta Pfizerren dosiak ere erabiliko dituzte kanpaina horretan.

Horrez gain, dosi bakarreko txertoa dela kontuan hartuta, duela hainbat aste erabaki zuten Janssenen dosiak kolektibo zaurgarrietako pertsonei ematea, tartean etxerik gabeko pertsonei, sasoikako langileei, migratzaileei, menpekotasun handia dutenei, alturako arrantzaleei edo arrisku handiko herrialdeetara joaten diren borondatezko langileei.    

AstraZenecarenak ez bezala, txerto honek ez du mugarik adinari dagokionez, baina plaketa maila baxua dutenei ez jartzea gomendatzen dute.

Osasun Ministerioak gaur jakinarazi duenez, orain arte Janssenen 938.825 dosi banatu dituzte Estatuan, eta horietatik 464.116 jarri dira.

Ekainean 5,5 milioi dosi bidaliko dituzte, aurreikuspenen arabera. Alabaina, Osasun Ministerioko iturriek joan den astean zabaldu zuten Ameriketako Estatu Batuetako Elikagaien eta Sendagaien Administrazioa enpresa-farmazeutikoaren fabrika nagusia ikuskatzen ari dela eta dosien bidalketa blokeatuta dagoela.

BIDEOA | Intzidentzia txikia duten erkidegoetan, gaueko aisialdia zabaltzeko proposamena