Gizartea
Koronabirusa
Tabernen eta jarduera kulturalen ordutegia 24:00ak arte luzatuko dute EAEn
EITB MEDIA
Horrez gain, ez da pertsona mugarik izango kirola aire zabalean egiterakoan, eta garraio publikoaren irteera ordutegia 24:00ak arte luzatzeko aukera egongo da.
Iñigo Urkullu lehendakariak zuzentzen duen LABI batzordea arratsaldean bildu da covid-19aren pandemiari aurre egiteko indarrean dauden neurriak malgutzea erabaki dute.
Horrela, bada, tabernak eta jatetxeak 24:00ak arte egon ahalko dira irekita, baita jokorako establezimenduenak ere. Merkataritza eta kultur jardueren itxiera ordutegia ere gauerdira arte luzatuko dute.
Horrez gain, ez da pertsona mugarik izango kirola aire zabalean egiterakoan. Aitzitik, eremu itxietan, gehienez sei pertsonako taldeak egin ahalko dira.
Bestalde, garraio publikoaren irteera ordutegia 24:00ak arte luzatzeko aukera egongo da, eta aisialdiko taldeak gehienez 10 lagunekoak izango dira, "betiere egonkorrak direla bermatzen bada".
Neurri berriak datorren asteazkenean, ekainaren 2an, sartuko dira indarrean, eta 20 egun barru berrikusiko dituzte.
Halaber, lehendakariak gogora ekarri du ezinbestekoa dela ohiko prebentzio neurriei eustea: musukoaren erabilera, segurtasun-tartea eta eremu itxien aireztapena. Azkenaldian egin duen moduan, gaurkoan ere mugikortasuna mugatzea, gauetan ez ateratzea eta lau pertsonatik gorako topaketak saihestea gomendatu du.
Bestalde, LABI batzordeak beste hainbat neurri -tabernetako eta jatetxeetako mahaietan sei pertsona biltzea, elkarte gastronomikoak irekitzea edo kirol ekitaldietan publikoa sartzea, adibidez- atzeratzea erabaki du, horretarako baldintzak betetzen ez direla iritzita. Intzidentzia-tasa 100.000 biztanleko 150 kasukoa denean edo 50 urtetik gorako pertsonen % 90 txertatuta egon arte ez dituzte neurri horiek malgutuko.
Urkulluk zuhurtzia eskatu du, ziurgabetasunaren aurrean
Neurri batzuk malgutu badira ere, beste asko bere horretan utzi dituzte; izan ere, lehendakariak berak aitortu du pandemiaren bilakaera "positiboa" bada ere, azken egunetan kutsatzeen beherako joera gelditu egin dela. "Egoera horrek ziurgabetasuna eragiten du eta zuhurtziaz jokatu behar dugu", ohartarazi du.
Hainbat datu ere eman ditu, bilakaera "positiboa" dela esateko. Joan den apirilaz geroztik, intzidentzia tasa metatua 546 kasutik 208ra jaitsi da; 65 urtetik gorakoen artean, tasa hori 375etik 67ra murriztu da; ospitaleetako gelatan 568 pazientetik 168ra igaro da; eta zainketa intentsiboetako unitateetan 97 paziente daude –apirilean 195 ziren-.
Horrez gain, astebetean izan diren heriotza kopuruak behera egin duela azpimarratu du: 49tik 18ra, hain zuzen ere.
Txertaketari dagokionez, bidetik onetik doala ziurtatu du eta erantsi du herritarren % 27k jaso dituztela bi dosiak eta % 50ek hartu dutela lehendabiziko dosia.
Testuinguru honetan, eta LABi teknikoak –adituek osatutakoa- emandako irizpideak jarraituz, neurri murriztaile gehienak mantentzean eta horietako batzuk arintzea erabaki dutela azaldu du.
Gaur onartutako neurrien eraginkortasuna 20 egun barru aztertuko dituztela zehaztu du Urkulluk.
BIDEOA | Ostalariek positibotzat jo dute ordutegiaren luzatzea
BIDEOA | Kulturaren sektoreko eragileen iritzia