Itxi

Gizartea

43. Ibilaldia

Egungo erronkei erantzuteko moduko hezkuntza legea aldarrikatu du Ikastolen Elkarteak

EITB Media

Koldo Tellitu, Ikastolen Elkarteko lehendakaria, Frantziako Konstituzio Kontseiluaren hizkuntza gutxituen legearen ebazpenaz eta Euskal Curriculumaz aritu da ekitaldian.

1:27
Haurrak, Ibilaldian

Sopelako Ander Deuna ikastolak eta Leioako Betiko ikastolak 43. Ibilaldia antolatu dute, elkarlanean, koronabirusaren krisiak baldintzatutako programazioarekin. Bertan, agintariei egungo erronken neurrira egindako hezkuntza lege berri bat sortzea eskatu die Ikastolen Elkarteak.

Koldo Tellituk, Ikastolen Elkarteko lehendakariak, gaur Sopelan adierazi duenez, Euskal Herriko ikastolen komunitateetako kideek "kosta ahala kosta" babestuko dituzte ikastolak, "murgiltze eredua eta Euskal Herria euskaraz bizitzeko nahia eta eskubidea" aldarrikatuz.

Batetik, Tellituk aipamen berezia egin die Frantziako Konstituzio Kontseiluak hizkuntza gutxituen legeari buruz egindako ebazpenari eta Baionan murgiltze ereduaren alde egindako manifestazioari. Hala, ebazpenak murgiltze eredua eta ikastolak "ataka larrian" jarri dituela salatu du. Gainera, Iparraldean, "Nafarroa osoan" eta Trebiñun euskara ofizial egitea eskatu du Ikastolen Elkarteko lehendakariak.

Ibilaldiaren txioa, irekiera ekitaldiko irudiekin

Beste alde batetik, Euskal Curriculumaz eta "Euskal Herria bere osotasunean landuko duen" hezkuntza sistemaz aritu da Tellitu: "argi geratu zaigu, euskal hezkuntza sistema bat eraikitzeko orduan, elkarlana, lidergo eta aitzindaritza partekatuak behar ditugula".

Euskarari eta euskal hezkuntzari behar duen tokia emateko, buruzagi politikoei neurriak hartzeko eskatu die Tellituk, neurri horiek baliatuta "murgiltze ereduaren ezarpenari, Euskal Curriculumaren garapen eta hedapenari, euskararen erabileraren eta kalitatearen beherakadari edota atzerritar jatorriko ikasleen eskolatzeari" erantzuteko. Bada, aipatutako arazoei irtenbidea topatzeko, "erantzunik eragingarriena hezkuntza lege bat" dela adierazi du ikastolen ordezkariak, "egungo erronkei eta etorkizunean etorriko direnei aurre egiteko gai" izango den legea, hain zuzen ere.

Azkenik, pandemiak baldintzatutako ikasturte honetan, ikastolek Ibilaldia bera eta beste hainbat ekimen aurrera eramatea lortu dutela aipatu du Ikastolen Elkarteko kideak; baina, "ekaitza amaitzear dela dirudien" honetan, euskarazko hezkuntzaren gaiari heltzeko unea dela azaldu du.

Eusko Jaurlaritza, "ikasleen eta zentroen ahalduntzea"ren alde

Jokin Bildarratzek, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailburuak, 43. Ibilaldiko irekiera ekitaldian parte hartu du.

Inaugurazio hitzaldian azaldu duenez, etorkizuneko Hezkuntza Legeak "ikasleen eta zentroen ahalduntzea" bermatu beharko luke.

Gainera, Bildarratzek Ibilaldiko antolakuntzaren lana goraipatu du, pandemiaren segurtasun neurriak errespetatuta egindako programazioarengatik; izan ere, sailburuaren esanetan, egindako lanak agerian utzi du ikastolen eta euskal hezkuntza sistemak "egokitzeko eta aurrera egiteko" duen gaitasuna.

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, Ibilaldian. Argazkia: EFE