Gizartea
KORONABIRUSA
Gaur hasiko dira Ipar Euskal Herrian 18 urtetik gorakoak txertatzen
EITB MEDIA
Gainera, ekainean zehar, 16 eta 18 urte artekoak ere txertatu nahi dituzte, eta ondoren, irailetik aurrera, 12-15 urtekoekin hasi nahi dute.
Astelehen honetan, maiatzak 31, hasiko dira 18 urtetik gorako herritarrak koronabirusaren aurka txertatzen Ipar Euskal Herrian, Frantziako Estatu osoan bezala. Hala, bi astez aurreratuko da Emmanuel Macronen hasierako plana, txertaketa uste baino azkarrago joan delako.
Ostegunetik dago hitzordua hartzeko aukera Interneten, doctolib.fr webgunean.
Gainera, Alain Fischer Frantziako Estatuko txertaketa kanpainaren arduradunak duela gutxi iragarri duenez, ekainean bertan 16-18 urtekoak immunizatzeari ekingo diote, eta irailerako espero da 12 eta 15 urte bitartekoak txertatzen hastea.
Txertaketaren aurrerakada covid kasuen jaitsierarekin bat egiten ari da. Azken 24 orduetan, 10.675 kasu berri atzeman eta 71 hildako izan dira Frantzian, osasun agintariek jakinarazi dutenez.
Gutxinaka-gutxinaka arintzen ari da ospitaleetako egoera ere. Igande honetan, 16.847 gaixo zeuden covidagatik ospitaleratuta (17.272 ziren bezperan), 3.028 ZIUetan (3.104 bezperan).
Guztira, 109.387 pertsona hil dira Frantzian pandemia hasi zenetik (ez dago Ipar Euskal Herriko datu ofizialik) eta 5,6 milioi herritar kutsatu dira.