Gizartea
KORONABIRUSA
Positibitatea % 5etik gora berriz ere EAEn, 390 kasu berri atzeman diren egunean
EITB MEDIA
370 positibo atzeman ziren duela astebete eta 407 duela 14 egun. Ospitaleetako egoera hobetzen ari da eta egun 101 pertsonas daude ZIUn, bezperan baino bi gutxiago.
-
Gurutzetako Ospitalean, Bizkaian. Argazkia: EFE
Pandemiaren bilakaera ez da oraindik lasaitzen hasi EAEn. Ostiral honetan 390 positibo berri atzeman dituzte, bezperan baino 32 gehiago. Hori bai, ospitaleen gaineko presioak behera egiten jarraitzen du, 101 pertsona baitaude une honetan egoera kritikoan, bezperan baino bi gutxiago.
Atzo 7.708 proba diagnostiko egin zituzten eta 390k izan zuten emaitza positiboa ( % 5,1), Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak larunbat honetan zabaldutako datuen arabera. Positibotasun tasa % 4,5ekoa izan zen aurreko egunean, beraz, sei hamarren hazi da.
Lurraldeka, 45 kasu berri atzeman ziren Araban, 204 Bizkaian, 133 Gipuzkoan eta 8 beste autonomia-erkidego batzuetako edo beste jatorri batzuetako pertsonen artean.
Ospitaleen egoerari dagokionez, atzo 33 pertsona ospitaleratu zituzten (aurreko egunean 41) eta une honetan 101 pertsona daude ZIUn covida dela eta, bezperan baino bi gutxiago.
Ro indizeari, 14 egunetan metatutako intzidentzia datua eta udalerriei buruzko informazioa ez da astelehenera arte eguneratuko.
81 covid-19 kasu berri atzeman dira Nafarroan, bezperan baino zertxobait gehiago
Pandemiaren azken datuek agerian uzten dute egoera aldakorra dela Nafarroan; izan ere, nolabaiteko egonkortasun izatetik, olatu berri baten mehatxua piztera igarotzen da egoera, egunaren arabera. Gauzak horrela, datozen jardunaldiak erabakigarriak izango dira zalantzak argitzeko.
Gaurkoan, positiboek apur bat gora egin dute Nafarroan, bezperako datuekin alderatuta. Foru Gobernuak emandako datuen arabera, 81 covid kasu berri atzeman dituzte ostiral honetan, bezperako 77ko kopuruaren gainetik.