Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Ekainaren 7tik aurrera hasiko dira 40-49 urte arteko herritarrak txertatzen Nafarroan

EITB MEDIA

Nafarroako Gobernuak joan den asteartean emandako datuen arabera, 16 urtetik gorakoen % 45ek txertoaren dosiren bat hartu dute Foru Erkidegoan, eta % 23k immunizazio prozesua amaitu dute.

  • Txertaketa Nafarroan.

    Txertaketa, Nafarroan. Argazkia: EFE.

Txertaketa prozesuaren erritmoa, astez aste, azkartzen ari da Nafarroan, eta dagoeneko, datorren asterako 50 eta 55 urte arteko herritarrei hitzorduak ematen ari dira, eta 40 eta 49 urte artekoen txertaketa, berriz, ekainaren 7an abiatzea aurreikusi du Foru Erkidegoko Gobernuak.

Ohar bidez jakitera eman dutenez, gaur eta bihar 7.500 dosi ematea aurreikusten da, horietatik 5.895 Iruñerriako txertaketa guneetan. Tuterako osasun eremuan, berriz, 1.302 dosi ipiniko dituzte, eta Lizarraldean, 500. 

Datorren astean, bestalde, AstraZenecaren lehendabiziko dosia hartuta duten 60 urtetik beherako funtsezko kolektiboei bigarren dosia ematen hasiko dira: oraingoan, Pfizerren txertoa eskainiko zaie, baina nahi duenak bigarrena ere AstraZenecarena eskatzeko aukera izango du, betiere, horretarako onespen dokumentu bat izenpetuta.

Nafarroako Gobernuak joan den asteartean emandako datuen arabera, 16 urtetik gorakoen % 45ek txertoaren dosiren bat hartu dute Foru Erkidegoan, eta % 23k immunizazio prozesua amaitu dute.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.