Gizartea
KORONABIRUSA
Intzidentzia metatua ia ez da jaitsi Euskadin eta 209 kasukoa da
Naiara Ballesteros | EITB MEDIA
Positiboek 350 kasuak gainditu dituzte berriz ere, baina R0k ez du 1eko muga gainditu eta ehunen bat jaitsi da 0,98ra arte.
-
Pertsona batzuk Bilboko parke bateko terrazan. Argazkia: EFE.
Covid-19aren beheranzko joera ia gelditu da Euskadin, azken orduetan ehunen bat jaitsi ostean. Intzidentzia metatuaren indizea ostegun honetan 100.000 biztanleko 209,25 kasukoa zen 14 egunetan, aurreko egunean 210,85 kasukoa zenean.
Hala ere, R0 indizea 0,99tik 0,98ra jaitsi da, etenik gabeko 8 eguneko igoeren ondoren, eta, beraz, 1eko muga gainditu gabe jarraitzen du, pandemiaren kontrolari dagokionez datu negatiboa izango litzatekeena. Arabak jarraitzen du daturik txarrena ematen, R0 1,2ra iritsi baita. Gipuzkoan apur bat gora egin du, 1,02ra arte, eta Bizkaian behera egin du bigarren egunez, 0,92an kokatuz.
Gainera, pandemiak 358 positibo berri utzi ditu asteazken honetan (bezperan baino 5 gutxiago), eta asistentzia-presioak behera egiten jarraitzen du: 174 pertsona daude ospitalean, eta zainketa intentsiboetako unitateetan 103 gaixo daude.
Osasun Sailak emandako datuen arabera, azken egunean 7.903 PCR eta antigenoen testa egin dituzte, eta 171 positibo eman dira Bizkaian, 138 Gipuzkoan eta 45 Araban. Horiez gain, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo bizi direnen artean lau kasu atzeman dituzte.
358 kutsatze berri horiekin, positiboen tasa hamarren bat igo da aurreko egunarekin alderatuta, % 4,4tik % 4,5era.
100.000 biztanleko kasu positiboen intzidentzia-tasa metatuak beheranzko joerari eutsi dio Euskadin, baina erritmo motelagoan, eta 209,25ean kokatu da; hau da, asteazkenean baino 1,59 puntu gutxiago EAEko batez bestekoan, eta Bizkaian soilik murriztu da.
Hilabete honetan zehar, intzidentzia-tasa metatuaren jaitsiera egunean 23 kasuraino iritsi da, baina duela astebete hasi zen 10 kasu ez zuela gainditzen.
Arabak berriz ere gora egin du bigarren egunez jarraian, 126,2 kasura, eta Gipuzkoak ere gora egin du, 207ra arte (4 kasu gehiago).
Bizkaiak intzidentzia metatuaren beheranzko bilakaerarekin jarraitzen du: 230,1 kasu 100.000 biztanleko.
Hiriburuetan, Gasteizek igoera errepikatu du eta 114,8 kasura iritsi da, Donostiak 195,7an jarraitu du eta Bilbo 245,9 kasura jaitsi da.
EAEko ospitaleetan 41 pertsona ospitaleratu dituzte azken egunean, aurrekoan baino bost gehiago, eta guztira 174 ospitaleratu daude (zortzi gutxiago).
Gainera, EAEko ospitaleetako Zainketa Intentsiboetako Unitateetan 103 gaixo daude, aurreko egunean baino lau gutxiago.
Hezkuntza Sailak eguneratu egin ditu, halaber, covid-19ak ikastetxeetan izan duen bilakaerari buruzko datuak; izan ere, atzokoarekin alderatuta, intzidentziak gora egin du: 65 gela itxi dituzte ostiral honetan eta, 47, atzo.