Gizartea
Nafarroa
Gorpu bat topatu dute duela hamar egun Tuteran kiskali zen txabola batean
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Sutea maiatzaren 15ean gertatu zen, baina hilotza atzo arte ez zuten topatu. Biktima garrek kiskalitako txabolan lo egiten zuen pertsona bat da.
Suhiltzaileek gorpu bat topatu dute suak kiskalitako txabola batean, Tuteran, Nafarroako Gobernuak gaur jakinarazi duenez.
Sutea joan den maiatzaren 15ean gertatu zen. Suak adreiluz egindako txabola txiki bat suntsitu zuen. Suhiltzaileak bertaratu ziren garrak itzaltzera, baita Polizia Nazionalaren eta Tuterako Udaltzaingoaren patruilak ere.
Orduan ez zuten gorpurik aurkitu, baina atzo abisu bat jaso zuten larrialdi zerbitzuetan txabola horretan lo egiten zuen pertsona bat desagertuta zegoela ohartarazita.
Suhiltzaileak berriro joan ziren ezbeharraren tokira eta hondakinen artean bilatzen hasi ziren, hilotza aurkitu zuten arte.
Foruzaingoaren Polizia Judizialak ikerketa bat jarri du martxan gertutakoa argitzeko.