Itxi

Gizartea

TABAKOA

Osasun Sailak udan zazpi hondartzatan ez erretzeko gonbita egin du

EITB MEDIA

Proposamenaren helburua tabako-kontsumoa desnormalizatzea eta kerik gabeko giroa sortzea da, adingabe ugari dituen aisirako ingurunean kontsumo pasiborik egon ez dadin.

1:18
7.820 pertsonak hartu zuten parte programan. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

Tabako-kerik gabeko EAE baterantz aurrera egiten jarraitzeko, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, aurtengo udan, lehen esperientzia bat abiaraziko du, Zumaiako Itzurun eta Santiago hondartzetara, Ibarrangeluko Laga eta Laida hondartzetara, Lekeitioko Isuntzara, Mundakako Laidatxura eta Burguko Garaio Hegoaldera doazen pertsonak hondartzan dauden bitartean ez erretzea eskatzeko.

Proposamen honen helburua tabako-kontsumoa desnormalizatzea eta kerik gabeko giroa sortzea da, adingabe ugari dituen aisirako ingurunean kontsumo pasiborik egon ez dadin. Era berean, zigarro-puntak toki horietan objektu kutsagarri ohikoenak ez izatea lortu nahi du. Hala, 2021eko udan, proiektu pilotua abiatuko dute zazpi hondartza horietan, 2022an Tabako Kerik Gabeko Hondartzen Euskadiko Sarea sortzeko asmoz.

Kerik gabeko hondartzen proposamena ekainaren 15ean abiatuko dute. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak prentsaurrekoan adierazi duenez, ez da zigor-ekimen bat, banakako konpromisoan eta konpromiso kolektiboan oinarritzen den ekintza bat baizik. "Hondartzara doazenek ingurune horretan ez erretzeko konpromisoa hartzeko gonbidapena da, helburu dugun kerik gabeko Euskadin aurrera egiteko", esan du.

Sagarduik jakinarazi du 2020an 7.820 pertsona tabakoa erretzeari uzteko Osakidetzaren programaren batekin hasi zirela; aurreko urtean (2.059) baino hiru aldiz gehiago. Gainera, 2020ko urtarriletik, Osasun Saila erretzeari uzteko medikamentuak finantzatzen hasi zen; horretarako inbertsioa ia bi milioi eurokoa izan da.

Itziar Larizgoitia Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariarekin eta Victor Bustamente Osakidetzako Osasun Laguntzako zuzendariarekin batera, sailburuak oso positibotzat jo du Osasun Saila, Osakidetza eta gizarte- eta osasun-agenteak tabakismoaren aurkako gizarte-kontzientziaziorako eta prebentziorako egiten ari diren lana; lan horrek parte-hartze handia ekarri du garatzen ari diren tabakoaren aurkako kanpainetan.

Gainera, gogorarazi du egungo pandemia-egoeran erretzaileek arrisku handiagoa dutela covid-19aren ondorioz sintoma larriak garatzeko eta hiltzeko. Ebidentzia zientifikoek erakutsi dutenez, kea eta zigarreta-puntak kutsatzeko foku garrantzitsua dira.

Erretzeari uzteko programak

Sagarduiren hitzetan, Osakidetzak tabakoa erretzeari uzteko eskaintzen dituen tresnen erabilerak gora egin du 2020an. Zehazki, 7.820 pertsonak hasi dute erretzeari uzteko tratamenduren bat. 2011tik, tabakoari uzteko tratamenduak hasi zirenetik, 34.454 pertsonak parte hartu dute Osakidetzaren programetan.

Osakidetzak hainbat tresna ditu pertsonei erretzeari uzten laguntzeko. 2020an, egungo egoera soziosanitarioa dela eta, tabakoaren mendekotasuna gainditzeko bi metodo berri jarri ditu martxan: batetik, terapia konbinatuko programa, "Bizi tabakorik gabe" mugikorretarako aplikazioarekin batera; bestetik, onlineko taldeko esku-hartzea.

Gogorarazi dute Osakidetzak banakako tratamendua eskaintzen diola eskatzen duenari, eta doako telefonoa ere baduela. 94 400 75 73 telefono-zenbakiaren bidez, aholkularitza eta informazioa eskaintzen ditu tabakoa uzteko prozesuan.