Gizartea
TXERTAKETA
Sagarduik Pfizer hartzeko eskatu die bigarren dosiaren zain dauden 60 urtez azpikoei
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak berretsi duenez, baimen sinatu baten bitartez AstraZeneca nahiago dutela jakinarazten dutenei soilik eskainiko zaie AstraZeneca.
Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak gaur berretsi du Osakidetzak Pfizer eskainiko diela koronabirusaren aurkako txertoaren bigarren dosia hartzeko zain dauden 60 urtetik beherako herritarrei. Hala ere, "salbuespen gisa" eta baimen sinatu baten bitartez AstraZeneca nahiago dutela jakinarazten dutenei AstraZeneca eskainiko zaie.
Tabakorik Gabeko Munduko Egunaren atarian Bilbon eskaini duen prentsaurrekoan, kutsatzeen beherakada "moteltzen" ari dela onartu du eta txertaketa kanpaina "ordenatua eta azkarra" izaten ari dela adierazi du.
Pfizer baztertu eta AstraZeneca nahi dutenek baimen bat sinatu beharko dute, Osakidetzaren webgunean eskuratu ahal izango dutena.
Kasu horretan, itxaron zerrenda batean sartuko dira, eta txertoaren horniduraren arabera berriro deituko diete.
Janssen
Janssenen txertoa 50 urtetik beherakoei ere ematea izango dute hizpide Osasun Ministerioak eta autonomia erkidegoek gaurko Lurralde arteko Osasun Batzordearen bileran.
Orain arte, 50 urtetik gorakoei eta kolektibo jakin batzuetako pertsonei eman zaie.
ErNE, auzitara joateko prest
Roberto Seijo ErNE sindikatuko idazkari nagusiak ziurtatu duenez, AstraZenecaren lehen dosia jaso duten 60 urtetik beherako agenteek Oxfordeko bigarren dosia 16. astean jasotzen ez badute, auzitara joko dute.
Seijok salatu duenez, "orri bat sinatzera behartuz" eta Pfizer jasotzeari uko eginez, Ertzaintza eta Udaltzaingoko agente asko zer egin jakin gabe geratu dira, "une honetan ez dagoelako AstraZenecaren txerto nahikorik lehenengoa jarri duten pertsona guztientzat".
Azaldu duenez, "ondoez handia" dago lankideen artean; izan ere, ez dute behar besteko bermerik eta, beraz, uko egingo diote Pfizer jartzeari. Horregatik, ErNEko buruzagiaren ustez, Osasun Sailak eta Osakidetzak "Espainiako Gobernuarekin hitz egin behar dute, "AstraZeneca dosi bat jaso zuten agenteek "bigarren txerto bat izateko eskubidea bermatzeko".
"AstraZenecaren bigarren dosia jasotzeko epeak 16. asteko muga gainditzen duenean", ErNEk auzitegietara joko duela ohartarazi du.