Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Kutsatzeak egonkor mantendu dira Nafarroan

Eider Garaikoetxea | EITB MEDIA

Bezperako datuaren oso antzekoa izan bada ere, aurreko asteetako datuekin alderatuta, beheranzko joerari eusten zaiola ikus daiteke.

  • Osasun langile batzuk erietxe batean.

    Osasun langile batzuk erietxe batean. Artxiboko argazkia: EFE

Birusa egonkor eta beheranzko joera leunarekin jarraitzen du Nafarroan. Azken orduetan, 50 positibo atzeman dituzte, Foru Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera.

Atzokoan 2.202 proba diagnostiko egin zituzten (bezperan baino 247 gehiago) eta horietatik % 2,3 positibo izan ziren. Hala, proba gehiago eginda, positibotasun tasa jaitsi egin da (% 2,7an zegoen).

Bezperan zenbatutako kasuen ia berdina da (53) baina duela astebete atzemandako 71 kutsatzeetatik behera (19 gutxiago) eta duela 14 egun zenbatutako 66ren azpitik (-14).

Kasu gehien pilatu dituzten udalerri eta guneei dagokienez, Noain da denen buru, bost kutsatzerekin. Ondoren ageri da Iruñeko Donibane auzoa, lau positiborekin, eta Sarriguren eta Mutiloa, hirunarekin.

Ospitaleetan 56 paziente daude ingresatuta, bezperan baino zortzi gutxiago. Atzo, beste lau ospitaleratze izan ziren, baina bat bera ere ez zuten zainketa intentsiboetako unitatera eraman. Halaber, ez da koronabirusarekin lotutako heriotzarik izan.

Pandemia hasi zenetik 1.182 pertsona hil dira covid-19ak jota Nafarroan.

 

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.