Gizartea
Koronabirusaren semaforoa
Sestaok eremu gorritik irtetea lortu du hainbat asteren ostean
EITB MEDIA
Gainera, Ortuella, Bizkaian, eta Ordizia, Gipuzkoan, laranjatik horira igaroko dira. Hala ere, Santurtzin egoerak okerrera egin du eta semaforoa laranja jarri da berriro.
-
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren semaforoa
Sestaok eremu gorritik irtetzea lortu du, covid-19ak EAEn herriz herri izan duen eragina neurtzen duen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren semaforoaren arabera. Gainera, Ortuellan eta Ordizian egoerak hobera egin eta eremu horira igaro dira hiru udalerriak. Santurtzik, ordea, ez dio horiari eutsi, eta laranja jarri da.
Arabak (116 kasu 100.000 biztanleko) eremu horiari eutsi dio, baita Amurriok, Gasteizek eta Laudiok ere. Agurainek laranja jarraitzen du, baina gorritik oso gertu dago.
Bizkaian ere hori dago semaforoa (100.000 biztanleko 249 kasu), eta lau udalerrik gorri jarraitzen dute: Muskiz, Sopela, Trapagaran eta Zalla.
Laranjaz, bestalde, Galdakao, Sestao eta Santurtzi ageri dira.
Hori dauden udalerriak ondorengoak dira: Abadiño, Abanto, Arrigorriaga, Balmaseda, Barakaldo, Basauri, Bermeo, Berango, Bilbo, Derio, Durango, Erandio, Ermua, Etxebarri, Gernika-Lumo, Getxo, Gorliz, Gueñes, Leioa, Markina-Xemein, Mungia, Ondarroa, Ortuella, Portugalete eta Zornotza. Ortuella ere hori da gaurtik aurrera.
Lekeitio-k eta Elorriok berde jarraitzen dute.
Gipuzkoak eremu horiari eutsi dio (212 kasu 100.000 biztanleko). Azkoitiak eta Tolosak ez dute eremu gorritik irtetea lortu.
Azpeitia eta Legazpi laranjaz margotuta ageri dira.
Andoain, Aretxabaleta, Arrasate, Astigarraga, Beasain, Bergara, Deba, Donostia, Eibar, Errenteria, Elgoibar, Hernani, Hondarribia, Irun, Lasarte-Oria, Lezo, Oiartzun, Oñati, Pasaia, Urnieta, Urretxu, Usurbil, Villabona, Zarautz eta Zumaia, berriz, hori daude, eta Ordizia gehitu zaie azken orduetan zerrendara, datuak hobetuta.
Mutrikuk, Lazkaok eta Oriok berde jarraitzen dute.
Europar Batasunak (EB) onartutako koloreen mapa egokitu du Jaurlaritzak, eta azken 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasaren arabera sailkatzen ditu EAEko udalerriak.