Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Zupiria: "Nik dakidala ez dago negoziaziorik ostalaritza sektorearekin"

Eider Garaikoetxea | EITB MEDIA

Aurrez Aenkomer Arabako ostalarien elkarteak iragarri du taberna eta jatetxeen itxiera ordutegia ordubetez edo bi orduz luzatzea negoziatzen ari zirela Jaurlaritzarekin.

  • Bi pertsona Bilboko taberna bateko terraza batean.

    Bi pertsona Bilboko taberna bateko terraza batean. Argakia: EFE

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak nabarmendu duenez, berak dakiela "ez dago negoziaziorik" ostalaritza sektorearekin tabernen eta jatetxeen itxiera ordutegiak luzatzeari buruz (orain 22:00ak arte daude zabalik).

Gobernu bileraren ostean egin ohi duen prentsaurrekoan, Aenkomer ostalaritza elkarteak egindako iragarpenaz galdetu diote Zupiriari. Arabako elkarte horrek gaur zabaldu du Jaurlaritza aztertzen ari dela ostalaritzaren ordutegia ordubete edo bi ordu luzatzea, egoera epidemiologikoa hobetzen doan heinean.

Halako negoziaziorik ez dagoela azpimarratu du Jaurlaritzako eledunak. Argudiatu duenez, lehendakariaren dekretuak eta Bizi Berri III Planak "argi" diote. Horren ildoan, erantsi du hilaren 30ean, igandearekin, beteko direla dekretuak aurreikusitako 20 egunak, eta, beraz, hortik aurrera, "eta inola ere ez igandea baino lehen", deituko dute LABIren bilera, eta horrek egokien ikusten dituen neurriak iragarriko ditu. Zupiriaren hitzetan, "oraindik ez dago argi eta garbi zein egoeratan gauden, datozen astetik aurrera argiago izango dugu".