Gizartea
TXERTAKETA
Honela egingo da AstraZenecaren lehen dosia jaso zuten 60 urtez azpikoen txertaketa
EITB MEDIA
Osakidetzak Pfizer etxearen txertoa eskainiko die guztiei. Bigarrena ere AstraZeneca izatea nahi dutenek inprimaki bat bete beharko dute Osakidetzaren webgunean eta itxaron zerrendara pasatuko dira.
Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak AstraZenecaren lehen dosia jaso zuten 60 urtez azpikoen txertaketari buruzko xehetasunak eman ditu. Azaldu duenez, Osakidetza dagoeneko hasi da pertsona horiei deitzen bigarren txertoa jartzeko; kasu honetan, Pfizerrena.
Osakidetza atzo hasi zen herritar horiei deitzen, eta Osasun Publikorako Batzordeak ezarri du Pfizerren serumarekin amaitu behar dutela txertoa, eta, aukera horri uko eginez gero, baimen informatua sinatu beharko dute prestakin britainiarrarekin txertatu ahal izateko.
Sagarduiren hitzetan, pertsona horiei guztiei Pfizerren txertoa eskainiko diete. Aukera hori onartzen dutenek 12 asteko epean jasoko dute bigarren txertoa, lehen ziztadatik zenbatzen hasita.
Pfizer baztertu eta AstraZenecarekin errepikatzearen alde egiten duten pertsonek baimen baten bidez jakinarazi beharko dute, Osakidetzaren webgunean eta euskadi.eus atarian covid-19ari eskainitako atalean eskuragarri dagoen formulario bat beteta.
Kasu horretan, itxaron zerrenda batera igaroko dira, eta berriro deituko diete txertoa eskuragarri dagoenean. Osasun Sailak ez du bermatzen Immunizazioa 12 astetan osatzea, baina sailburuak gogorarazi du Osasun Publikorako Batzordeak beste lau astez luzatzeko aukera onartu zuela.