Gizartea
KORONABIRUSA
Txertoen patenteak aldi baterako etetea babesten du Euskadik
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Patenteak aldi baterako etetearen aldeko adierazpen bat irakurriko du bihar lehendakariak, Gobernu Kontseiluaren asteroko bileraren ostean.
-
Koronabirsaren aurkako hainbat txerto. EFEren artxiboko irudia.
Koronabirusaren aurkako txertoen patenteak aldi baterako bertan behera uztea babestuko du bihar Iñigo Urkullu lehendakariak, adierazpen baten bidez. Horrela, herrialde guztiek izango lukete txerto horietarako sarbide zuzena.
Eusko Jaurlaritzak jakitera eman duenez, Gobernu Kontseiluaren asteroko bileraren ostean egingo du adierazpen horren irakurketa, eta Gotzone Sagardui Osasun sailburua eta Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua izango ditu alboan lehendakariak.
Joan den martxoan txertaketa global eta solidarioari laguntzeko prest zegoela jakinarazi zion Urkulluk Jose Manuel Barroso Covax mekanismoko presidenteari, eta Jaurlaritzak ekarpen ekonomikoa egin nahi zuela. Covax ekimenaren bitartez, herrialde guztietan txertoak eskuratzeko lankidetza bilatu nahi dute.
Joe Biden AEBetako presidenteak maiatzaren hasieran proposatu zuen covid-19aren aurkako txertoen patenteak bertan behera uzteko ekimena, eta gaur Bruselan egingo den Europako Kontseiluan ere eztabaidatuko dute.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri duenez, bilera horretan txertoak banatzeko mekanismoa hobetzea babestuko du, pandemia amaierako prozesua bizkortzeko eta txertoak eskuratzeko ahaleginak areagotzeko.
G20ko buruzagiek, munduko hogei potentziek, adierazpen bat onartu zuten joan den astean, patenteen liberalizazioari dagokionez, jabetza intelektualaren borondatezko lizentziaren, teknologiaren borondatezko transferentziaren eta "elkarren artean adostutako" patente komunen alde egiteko.